Shibari: "Adierazi nahi duguna ahalik eta sinpleen egiten saiatzen gara"
Sortzaile guztiek daukate sormen prozesu propioa, beldurrei aurre egiteko modua eta indarra ematen duen sentimendua. Musika talde ondarrutarra osatzen duen hirukoteak argi dauka zein den prozesuaren gailurra: oholtza.
Ruben Bernedo (gitarra eta abeslaria), Aritz Carrasco (baxua) eta Urki Gojenola (bateria) dira Ondarroako Shibari taldea osatzen dutenak. Elkar ondo baino hobeto ezagutzen dute, aurretiaz ere proiektu ezberdinetan aritu izan direlako elkarrekin. 2020an hirukoteak batzea erabaki zuen proiektu berri bati ekiteko asmoz, eta horrela abiatu ziren abentura honetan.
Shibari izenburuak loturari erreferentzia egiten dio, elkarren arteako lotura, musikarekiko lotura: «Bizitza loturekin dago osatuta». Abestien letrek galderak planteatzen dituzte, bizitzaren korapilo, nahaste eta loturei erreferentzia eginez.
“Profesionalez inguratuta”. 2022. urtean lau abestiz osatutako maketa bat grabatu zuten, aurkezpen gisa: “Zer egiten duzue? Galdetzen zigutenean, azalpenetan sartu eta rock alternatiboa, post-rocka edo post-hardcorea egiten dugula esan beharrean, maketa eman eta ‘hau da egiten duguna’ esateko baliabidea zen”. Maketa herritarrekin eginda zeukaten, zehazki lagunekin, “profesionalez inguratuta izatearen zortea daukagu”. Jon Badi izan zen grabazioa eta nahasketak egiteaz arduratu zena, diskoaren diseinua Beñat Eizagirrek burutu zuen eta argazkiak Aritz Larreak (Begipuntuan) egin zituen. Herritarrekin eta herrian, zelan ez. Entsegu gune izateaz gain, bertako oholtzara igo dira behin eta berriz eta, gainera, lehen maketa ere bertan grabatu zuten: Portuko Ranpan.
Lau abestiz osatutako maketa atera zuten, baina hamaika abesti jotzen dituzte zuzenean. Hiruko formatu bat izanik, sinpletasuna eta musika serioaren arteko oreka bilatzen dute. «Badakigu ez garela munduko onenak, badakigu zein maila daukagun eta ez dugu gauza zailak egiteko asmorik, adierazi nahi duguna ahalik eta sinpleen egiten saiatzen gara. Adierazi nahi dugun hori betegarri barik egin ahal badugu, ez dugu betegarririk sartuko».
Ruben Bernedo izaten da ideiak proposatzen dituena, entseguetara eraman eta bertan sormenari bide emanez moldatzen joaten dira
Gainera, presiorik gabe lan egiten dute: «Inoiz ez dugu planteatu pila bat kontzertu jotzea, ezta honetaz bizitzea ere. Ez goaz horren bila, hortaz, beste lasaitasun bat daukagu». Elkar ezagutzen dute, jo ahala ikasten doaz, eta gustura daude egiten dutenagaz.
Desoreka. Ruben Bernedo izaten da ideiak proposatzen dituena, entseguetara eraman eta bertan sormenari bide emanez moldatzen joaten dira. «Oso argi izaten dut zer nahi dudan adierazi edo nola nahi dudan adierazi, sentimendu edota sentipenak dira abestia egituratzen dutenak. Nire desoreka mentala da». Bernedoren esanetan, sormen prozesua gustukoa du, eta sortzeko modu propio bezain berezia dauka: «Ez dut letra bat musikaren gainetik ezartzen edo alderantziz. Hau da, alde batetik testuak ditut eta bestetik doinuak. Ondoren, ezkondu egiten ditut. Prozesu luzeago bat da, agian, ez dut patroi finko bat edukitzen sortzeko orduan».
Oholtzatik kanpo burutzen duten sormen prozesua oholtzara bideratuta dago, hala nola, une horri heltzeko egindako lana da. Zuzeneko talde bat bezala definitzen dira. Beldur gehien sortzen dituen unea dela aitortu dute, aldi berean, gehien harrapatzen duena izanik. «Oholtzan guztia handitzen da, areagotu egiten da». Kontzertu bakoitza ezberdina da, baita abesti bakoitza ere: «Ez duzu bi aldiz berdin joko, jendeak eragina dauka, baita zu zelan zauden ere, denak eragiten du». Hortaz, aho batez diote musikaren prozesu guztiak kontuan izanda, oholtza dela gailurra. «Oholtzan sentitzen dudana ez dut beste inon sentitzen, droga bat da. Zeure buruari irabaztea bezala da, beldurrari aurre egin eta igotzea», dio Bernedok.
Taldearen helburuetako bat zen 2023an bigarren diskoa kaleratzea. Formatua argi daukate, sei edo zazpi abestiko diskoa kaleratuko dute, «gehiagorik ez»
Bigarren diskoa. Amaraun Arte Fabrikaren I. Maketa Lehiaketara aurkeztea erabaki zuten, inolako itxaropen edota helbururik jarri barik, zehazki, lehenengo maketa lehiaketa izan da beraientzat ere. Hiru abesti bidali behar izan zituzten, horietako bat webgunean jartzen zuten, ikusleei bozka aukera emanez. Bozka horien arabera zuzenekoetara joateko aukera eduki zezaketen, eta horrela izan zen.
Zuzenekoetara sailkatu ziren beste bost taldegaz batera, kontzertua eskaini eta sari banaketaren eguna ailegatu zenean, ezustekoa eraman zuten: irabazleak ziren.
Saria bost egunez grabazio estudiora joateko aukera da: bigarren diskoa dator. Taldearen helburuetako bat zen 2023an bigarren diskoa kaleratzea, hortaz, beraien proiektuak bideratzeko bide egokia bilakatuko da: «Zuzenean jotzen ditugun abestiak grabatuko ditugu, baina oraindik ez daukagu egituratuta zehazki zer edo zelan egin».
Formatua argi daukate, sei edo zazpi abestiko diskoa kaleratuko dute, «gehiagorik ez». Distantzia txikietan kontsumitzeko disko bat egin nahi dute.