Zamburiñaren bideragarritasuna aztertu dute Mutriku eta Lekeitio artean
Euskal kostaldean bideragarria dela ondorioztatu du ikerketak, baina, gaur gaurkoz, hilkortasun maila altua du espezieak.
Euskal kostaldean zamburiñaren hazkuntzak izan dezakeen bideragarritasuna aztertu du Azti zentro zientifiko eta teknologikoko ikerlari talde batek. Ikerketa Mutriku eta Lekeitio bitarteko kostaldean egin dute.
Zanburiñaren ekoizpena gorabidean dagoen jarduera bat da Euskal kostaldean. Molusku hazkuntzaren inguruko hainbat ikerketa egin izan dira, baina ez, zehazki, Kantauriar itsasoan. Hortaz, espezie horrek duen negozio erakarpena kontuan izanda, negozio aukera horren bideragarritasuna neurtzeko asmoz burutu da ikerketa. Azterketa bi gune esperimentaletan burutu da, batetik Mendexako kostaldetik bi miliatara kokatuta dagoen tretzan eta Mutrikuko portuan dagoen urmaelean. Aipatutako kokapen bakoitzean hazkuntza metodologia ezberdina erabili dute, hala nola, emaitzak alderatzeko asmoz.
Ikerketak ondorioztatu duenaren arabera zamburiñak zortzi hilabeteko epea behar izan zen neurri komertziala (40mm) lortzeko ur handitan egon ostean, 10 hilabete behar izan zituen, ordea, portuko uretan zegoenak: 10,23 g ko neurria lortuaz.
Ikerketak zehaztu duenez, zamburiñak tamaina komertzialera iritsi zirenean, hazkundea moteldu egin zen.
“Bat datoz emaitzak aurreko ikerketetan jasotako emaitzekin”. Gainera biziraupen maila baxua izan zuten lehenengo hilabetetako murgilketetan (%1,9-56,9), hala ere, biziraupen maila altuago bat nabari zen ur handitan hazitakoen artean.
Errentagarritasun ekonomikoa bideragarria izateko heriotza-tasa jaitsi beharko litzateke. Hilkortasun tasa handiari dagokionez, estresarekin lotuta egon daitekeela nabarmendu dute: “Muntaketa esperimentalak dakartzan denbora tarteak eta garraio- lekualdatzeak sortu dezakete estres hori. Aipatutako espeziea oso sentikorra baita airearen esposizioari”.
Hortaz, bi puntu nabarmendu dituzte hurrengo ikerketetara begira. Batetik bidaiako egokitzapenak optimizatu egin beharko dituztela, heriotza tasa jaitsi eta errentagarritasuna lortzeko. Bestalde, azken hilabeteetan hazkuntzarik ez dute atzeman, hortaz, ikerketa bat burutuko dute hazkuntza metodo berriak erabiltze aldera, hala nola, neurri handiagoak lortzeko asmoz.