Aitor Irustak Garferen binakako txapelketako partidua jokatuko du Gernikan
Munitibartarrak Axier Arteagagaz bikote, Garferen binakako txapelketako partidua jokatuko du etzi, Gernika-Lumoko Santanape pilotalekuan. Ugaitz Elizalde eta azken orduan Josu Irurita ordezkatu duen Julen Aizpuru edukiko ditu aurkari.
Gernika-Lumoko Santanape pilotalekua puntako pilotarien ikuskizunaren kokaleku izango da asteburuan: etzi, Garfeko pilotariak zein baino zein gehiago ariko dira, 19:30etik aurrera. Binakako bi partidu jokatuko dituzte. Lehendabizikoa Garferen binakako txapelketarako baliagarria izango da, eta bertan jokatuko du Aitor Irusta munitibartarrak. Bigarren partidua txapelketaz kanpokoa izango da. Aitor Etxebarriak (Etxebarria II.a) Joseba Aldabegaz bikote egingo du, eta puntako aurkariak edukiko dituzte aurrez aurre: Julen Retegi (Retegi Bi) eta Ladis Galarza.
Binakako txapelketako partiduaren erakargarri nagusietako bat, Ugaitz Elizaldegaz batera, Josu Irurita pilotari nafar gazteak egin behar zuen debuta zen, baina, egunotan eskuetan edukitako arazoak tarteko, azkenean ezin izango du jokatu; bere tokia Julen Aizpuruk hartuko du. Aurrez aurre edukiko dituzte Axier Arteaga (Arteaga II.a) gipuzkoarra eta Aitor Irusta munitibartarra.
Irustak partidu “gogorra eta orekatua” izango dela aurreikusi du: “Akats gutxien egingo duen bikoteak lortuko du garaipena”. Arteaga II.ak eta Irustak “motibazioz gainezka” hartuko dute partidua. Izan ere, binakako txapelketan jokatutako partidu bakarra sendotasunez irabazi zuten, “horrek dakarren konfiantzagaz”. Bere bikotekideari buruz galdeturik, Munitibarkoak azaldu du “pilotari errematatzailea” dela: “Trebea da jokaldiak borobiltzen, baina horretarako pilotak iritsi egin behar zaizkio; alor horretan, egiteko handia neure esku egongo da”. Elizalde eta Aizpuru pilotari “gogaikarriak” direla argitu du Irustak: “Partiduari erritmo itogarria ezartzeko gai dira, eta, egun ona edukiz gero, Elizalde abila da tantoak amaitzen ere”.
Aitor Irusta: “Elizaldek eta Aizpuruk partiduari erritmo itogarria ezartzeko gai dira”
Atzelari munitibartarrak, bestalde, bigarren partiduaren irakurketa ere egin du: “Izen aldetik, Retegi eta Galarza gehiago dira, baina, apustu egin beharko banu, Etxebarriaren eta Aldaberen alde egingo nuke. Batetik, Aldabek gogor ematen dio pilotari; bestetik, Etxebarria oso fin aritzen da aurrean, bizkortasunez, tantoak borobiltzeko. Hortaz, nik neuk Etxebarria eta Aldabe, beste bikotearen sona gorabehera, hautagai dira“.