Energia komunitatea sortuko dute Ziortza-Bolibarren
Kooperatiba izaera edukiko du egitasmoak, eta domekan [otsailak 12] lehenengo informazio bilera egingo dute, 11:00etan, udal aretoan. Kooperatiba otsailean sortu nahi dutela diote.
Ziortza-Bolibarko Udalak bultzatuta, energia komunitatea sortzeko bidea egiten hasita daude herrian. Azaldu dute egitasmoak irabazi asmorik gabeko kooperatiba izaera edukiko duela eta otsailean bertan sortu nahi dutela. Herritarrei informazio guztia emateko, domekan [otsailak 12] informazio bilera egingo dute, 11:00etan, udal aretoan.
Energia komunitatea sortzeko nahiak askotariko helburuei erantzuten diela esan dute: energia burujabetzan aurrerapausoak ematea, herriko familiek dirua aurreztea, soilik energia ez kutsagarriak erabiltzen ikastea, herri osoaren behar energetikoak kontuan hartzea eta energia gutxiago kontsumitzen ikastea.
Tresna baliagarria. Egitasmoa lantzen aritu direnek herritarrentzako eta herriarentzako tresna baliagarria izango dela diote: «Tresna juridiko bat edukiko dugu herrian energia azpiegiturak ipini ahal izateko. Horrez gain, energia proiektuetarako diru laguntzak eskatzeko tresna ere izango da».
Domekako bileran informazio zehatza emango dutela esan dute. «Norbaitek ezingo balu etorri, ez dauka zertan arduratu. Izan ere, proiektuak daudenean, berriro ere kooperatibara batzeko aukera zabalduko da»
Kooperatiba sortuta, energia proiektuak gauzatzeko aukera edukiko dutela diote. «Adibidez, lehendabiziko proiektua auzoz auzo eguzki plakak ipintzea izango da. Horretarako, proiektu horretan izena ematen dutenen energia kontsumoa zenbatekoa den aztertuko da, eta horren arabera ipiniko dira eguzki plakak. Gero, kooperatibak azpiegitura hori ordaintzeko dirua bilatuko du, bai diru laguntzen bidez edota bazkideen ekarpenen bidez».
Azpimarratu dute energia kooperatibaren sorreran edozein herritarrek parte hartu ahalko duela. «Bazkide kontsumitzaileek estatutuekin bat egin eta 50 euroko ekarpena eginda parte hartu ahalko dute».
Kooperatiban sartzeko. Dena dela, domekako bileran informazio zehatza emango dutela esan dute. «Norbaitek ezingo balu etorri, ez dauka zertan arduratu. Izan ere, proiektuak daudenean, berriro ere kooperatibara batzeko aukera zabalduko da».
Energia komunitatea sortzeko asmoa orain jakinarazi badute ere, hainbat izan dira aurretiaz gaia lantzen aritu diren herritarrak. «Hamabi hilabetez aritu gara energia komunitate honen Talde Sustatzaile moduan formakuntza jasotzen. Horretarako, Goiener kooperatibaren aholularitza eduki dugu».