Energia Plan Integratua plazaratu dute Munitibarren
Munitibarko Udalak, Eusko Jaurlaritzagaz eta Barrizarregaz elkarlanean, Energia Plan Estrategikoa plazaratu du. 20 urteko ibilbidea edukiko du, eta hainbat neurri hartuko dituzte, udalerrian jasangarritasuna modu efizientean jarraitzeko.
Munitibarko Udalak urrats bat egin du aurrera jasangarritasunaren eta ekologiaren arloetan: Energia Plan Estrategikoa landu eta plazaratu dute. “Energiaren erabilera eraginkorragoa egitea, isuriak murriztea eta energia berriztagarrien bidezko sorkuntza-banatua handitzea” izango ditu ardatz energia plan integratuak. Munitibarko Udalak Barrizar aholakularitza energetikorako enpresaren laguntzagaz egin du plan hori, eta bere garapenak 16.940 euroko kostua izan du; proiektua sortzeko, Eusko Jaurlaritzak diru laguntza eman dio Udalari, hain zuzen ere, 11.200 eurokoa.
Ingurumenari 2030. urterako dagozkion konpromisoak aintzat hartuta ondu dute energia plan bateratua; horrez gain, udaletik argitu dute aurretiaz indarrean zegoen Agenda 21 plana “zaharkituta” geratu dela, eta horri erantzunez ere sortu dutela. Besteren artean, klima aldaketak sortzen dituen ekintzak arintzeko estrategiak barnebiltzen ditu energia planak: isuriak arintzea edota berotegi efektuak sorrarazitako aldaketetara modu jasangarrian egokitzea.
Energia planak 20 urteko ibilbidea edukitzea aurreikusi dute
Gainera planak 20 urteko ibilbidea edukitzea eta Europar Batasuneko helburu nagusiak betetzea aurreikusi dute. Hori lortze aldera, denbora tarte horretan arlo desberdinekin loturiko ekintzak egingo dituztela adierazi dute. Bestalde, zehaztu dute proiektuan sektore publikoa nabarmenduko dela eta sektore horretan egingo diren “ekipamendu eta instalazioetan hobekuntza ekintzak” egingo dituztela.
Horretarako, urtez urteko jarraipena egingo dute, planak beregain dituen ekintzen eraginkortasun maila ebaluatzeko eta, horregaz, udalerriak jasangarritasunagaz lotuta duen “argazki erreala” lortzeko. Plana gorpuzterako orduan, argitu dute Munitibarko kontsumoaren inbentarioa egin dela, udalerriak bere osotasunean sortzen duen isuri kopurua zehazteko; gainera, industriak, hondakinek, mugikortasunak eta abeltzaintzak daukaten eragina ere aztertu dute.
Munitibarko kontsumoaren inbentarioa egin dute, udalerriak bere osotasunean sortzen duen isuri kopurua zehazteko
Herritarren sentsibilizazioa.
Planaren sustatzaileek azaldu dute munitibartarrak klima aldaketak suposatzen dituen arriskuetara egokitzea “kontzeptu arraroa” izan zela hasiera batean, baina azkenean “herriak ulertu duela” gai horren esangura, eta datozen urteetara begira “behar oso ona” egin dela.datozen urteetara begira.