Inauterietan denda eta tabernak apaintzeko lehiaketa antolatu du Ondarroako Udalak
Parte hartu nahi duten tabernek eta dendek otsailaren 17ko 14:00ak baino lehen izena eman behar dute.
Pandemia zela eta bertan behera geratu bazen ere, Ondarroako Udaleko kultur sailak dendak eta tabernak antolatzeko lehiaketa berreskuratu du. Herrian inauterietako giroa piztea eta herriko merkataritza bultzatzea helburu izan duen lehiaketan Ondarroako edozein denda edo tabernak parte hartu dezake, baina izena eman behar dute aurretiaz.
Parte hartu nahi dutenek otsailaren 17ko 14:00ak baino lehen izena eman behar dute udal kultura sailera mezu bat bidalita (kulturaetakirola@ondarroa.eus). Deialdiagaz bat egin eta lehiaketan parte hartzen duten denden erakusleihoak eta tabernak otsailaren 18ko arratsaldeko 19:00etarako atonduta egon beharko dute, epaimahaiak ikusi eta baloratu ahal izan dezan egindako lana.
Sariak. Tabernek garaikurra eta 500 euroko erosketa-txartelaren saria edukiko dute jokoan, eta dendek garaikurra eta 300 euroko erosketa txartelaren saria. Sari horiez gain, alor bakoitzean (tabernak eta dendak) aipamen berezia bana ere egingo dute; 100 euroko erosketa txartelagaz sarituko dute. Erosketa txartel guztiak herriko establezimenduetan gastatzeko izango dira.