Ion Gambra Ibarzabal da Mutrikuko EAJren alkategaia
"Konpromisoz eta apaltasunez" hartu du erronka alkategaiak.
Mutrikuko EAJk Ion Gambra Ibarzabal aukeratu du Udal Hauteskundeetan alkategai izateko, eta Gambrak “konpromisoz eta apaltasunez” hartu du erronka. Udalaren egunerokotasuna ondo baino hobeto ezagutzen duela aitortu du: “Erronkak errespetu handia ematen dit. Ez da nire estiloa gero bete ezin diren promesa handiak egitea. Mutrikuarrei eskaini ahal diedana da nire eguneroko lana, esperientzia eta ezagutza, eta umiltasunetik eta zintzotasunetik lan egiteko dudan konpromisoa, guztiok Mutriku hobe batean bizi gaitezen”.
Gambrari buruz. Politika eta Administrazio Zientzien gradu ikasketak burutu zituen eta baita hainbat master eta gradu ondoko ikasketak ere. Mutrikuko Udalean ere hiru legealdi egin ditu zinegotzi, bai gobernuan eta baita oposizioan ere, arlo eta gai ezberdinen ardura izanez, administrazioa ederki ezagutzeko aukera eskainiz. Azken lau urteetan, Gipuzkoako Foru Aldundian dabil lanean, Giza Eskubideetako eta Kultura Demokratikoko zuzendari moduan. “Bertan, giza eskubide, bizikidetza eta memoria historikoko gaiak kudeatzeaz gain, aniztasun gaien arduraduna ere banaiz eta Gipuzkoako migratzaile, LGTBIQ+, ijito eta desgaitasunen bat duten pertsonen elkarteekin ere aritzen naiz elkarlanean”.