Berriatuko Hostozabalek landaketa egingo du zapatuan
Berriatuko Hostozabal elkartea buru belarri ari da lanean bertoko basoak berreskuratzeko. Hala, zapaturako [otsailak 18] landaketa egiteko hitzordua jarri dute: 09:00etan Berriatuko plazan batuko dira parte hartzaileak. Ekintzan parte hartu nahi dutenek aurretiaz izena eman behar dute; taldeko kideren bati esanda edo posta elektronikoa idatzita izena eman daiteke (berriatukohostozabal@gmail.com). Herritarrak ekintzan parte hartzera animatu dituzte.
Hostozabalek esan du kostaldetik gertu dagoen lursailean ariko direla, Asterrika auzoan. «Jabego pribatuko eremu bat kudeatzeko kontratua sinatuta daukagu. Hiru hektareako eremuan ariko gara», esan dute Hostozabalekoek.
Azaldu dute berezko ernalkuntzari ematen diotela garrantzia, eta biharko ekintzan berez hazten ari diren espezieei laguntzeko landaketak egingo dituztela. «Bertan zeuden zuhaitzak (piñua) moztu eta gero, ernaltzen zeuden beste espezie batzuei laguntzeko egingo ditugu landaketak; bakarrik jaiotzen ari diren espezieek uzten duten hutsuneetan 250 haritz landatuko ditugu».
Esan dute haritza dela eremu horretara hobekien egokitzen dena, «gaur egun eremu horretan bertan ere haritza dagoelako edo noizbait egon delako». Eremu horretan guztian 1.500 zuhaitz haziko direla esan dute.