Ekin Pausoz Pauso, negozio ideia bat duten ekintzaileentzako programa
Ikastaroa otsailaren 22an hasiko da. Izena ematea Leartibai Fundazioaren webgunearen bitartez edo 94-616 91 72 telefono zenbakira deituta egin daiteke.
Eskualdeko ekintzaileen beharrei erantzuteko asmoz, Leartibai Fundazioak Ekin Pausoz Pauso programaren edizio berri bat antolatu du. Aurten berritasunak edukiko ditu oinarrizko prestakuntza ikastaroak, hain zuzen ere, bi formatutan egingo baita; aurrez aurreko klase presentzialak eta online saioak uztartuko dituzte. Programan izen-ematea Leartibai Fundazioaren webgunearen bitartez edo 94-616 91 72 telefono zenbakira deituta egin daiteke.
Ikastaroak otsailaren 22an abiatuko dira, eta eta martxoaren 2a bitartean iraungo dute. Aurrez aurreko lau saio izango dira guztira; otsailaren 22an, otsailaren 23an, otsailaren 27an eta martxoaren 2an izango dira, 9:00etatik 14:00etara. Bestalde, Internet bidezko hiru saio eskainiko dituzte; otsailaren 24an, otsailaren 28an, eta martxoaren 1ean izango dira 9:30etik 12:50era. “Leartibai Fundazioak Markina-Xemeingo Lea-Artibai Berrikuntza Gunean dituen instalakuntzak erabilgarri jarriko ditu online saioak bertan egin nahi dituzten ekintzaileentzat”.
Prestakuntzan parte hartzen dutenek enpresaren kudeaketaren esparruko kontzeptuak landuko dituzte, hala nola; merkatuaren azterketa, enpresaren ebaluazioa, marketin-estrategiak, bideragarritasun-plana, eta proiektuaren bideragarritasuna kalkulatzea. Kontzeptuak landu ostean, ekintzaile bakoitzak bere proiektuan aplikatu beharko du ikasitakoa. Leartibai Fundazioaren eskutik banakako aholkularitza jasoko dute, eta beraien negozio-ideiaren bideragarritasun plana egin ahal izango dute.
Diru laguntza. Ikastaroan parte hartzen duten ekintzaileek Bizkaiko Foru Aldundiaren Ekintzaileentzako ekimenen sustapena diru laguntza eskatzeko aukera edukiko dute. Eskaerak aurkezteko epea 2023ko martxoaren 13an 9:00etan zabalduko dute, eta martxoaren 31ko eguerdira bitartean egongo da zabalik.