Itzulia Basque Country Lea-Artibaitik igaroko da
World Tour mailako txirrindulari lasterketa eskualdetik pasatuko da. Apirilaren 7an eta 8an igaroko dira goi-mailako txirrindulariak eskualdeko errepideetatik, lasterketako bosgarren eta seigarren etapetan.
Argitara eman dituzte aurtengo Itzulia Basque Country txirrindulari lasterketako etapetako ibilbideak. Horietako bi, bosgarrena eta seigarrena, Lea-Artibaiko errepideetatik pasatuko dira. Apirilaren 7an eta 8an, Euskal Herriko World Tour mailako itzuli bakarraren bosgarren egunak Zornotzan eta Eibarren edukiko du hasiera eta amaiera, hurrenez hurren. Bosgarren etapan, 165,9 kilometro egin beharko dituzte ziklistek; tartean, Munitibar, Aulesti, Gizaburuaga, Amoroto, Lekeitio eta Ispastertik igaroko dira.
165,9 kilometroko etapa izango da bosgarrena, oso gorabeheratsua
Seigarrena, ostera, itzuliko etapa erregina izango da. Azken egun horretan, 137,8 kilometroko ibilbidean zazpi mendate puntuagarri igaro beharko dituzte txirrindulariek; horietako hiru (Azurki, Krabelin eta Ixua) lehen mailakoak izango dira. Helmuga, bestalde, ez da urtero legez Arrateko santutegian egongo; Eibarko herrigunean amaituko dute aurtengo Itzulia, azken kilometroetan Urkaregi Etxebarritik igo ostean. Lehenago, Markina-Xemeindik ere pasako dira.
Azken etapan Markina-Xemeindik eta Etxebarritik pasako da
Pello Bilbao, hautagai.
Gainontzeko etapei dagokienez, lehenengoak Gasteiz eta Labastida lotuko ditu; bigarrenak, Viana eta Leitza; eta hirugarrenak, Errenteria eta Villabona. Laugarrena Santurtzin hasi eta amaituko da; seigarren eta azkena, aldiz, Eibarren. Eskualdeko partaidetzari dagokionez, txirrindulari bi dira parte hartzeko aukerak dituztenak: Euskaltel Euskadiko Txomin Juaristi markina-xemeindarra eta Burgos BHko Ander Okamika lekeitiarra. Biak ala biak talde gonbidatuak dira, baina ziurtatuta dute lasterketako irteera lerroan egotea. Txirrindulariek, ostera, proba lehiatuko duen zazpikoan toki bat edukitzea irabazi beharko dute.