'Ainarak' dokumentala proiektatuko dute Ziortza-Bolibarren
Udalak antolatuta, proiekzioa barikuan [otsailak 24] izango da, 18:00etan, Ziortza-Bolibarko Udal Aretoan. Udal ordezkarien esan dute feminismoa eta euskara ardatz dituen dokumentala herritarrek ezagutzea nahi dutela.
Juan San Martin eta Ritxi Lizartzak zuzendutako Ainarak dokumentala proiektatzea ez dute halanola aukeratu. «Film hau aukeratu dugu generoaren gaia lantzen duelako. Garrantzitsua deritzogu kultura lantzeagaz batera, herritarren artean berdintasun baloreak lantzea», esan dute Ziortza-Bolibarko udal ordezkariek.
Dokumentalak Pirinioetako neska gazte aragoar eta nafarren bizitza kontatzen du. XIX. mende amaieran eta XX. mendean Pirinioetako neska gazte horiek Maulera migratzen zuten abarketa fabriketan lan egiteko. Hala, bidaia hori egiten zuten neska gazte horiei enarak deitzen zieten; hortik dokumentalaren izenburua.
“Ikus-entzunezkoen arloan sekulako garrantzia dauka euskarazko lanei oihartzuna ematea. Euskarak egoera diglosikoa eta minorizatua jasaten du. Horregatik, euskarazko dokumentalak bultzatu eta babestu beharra dago”
Dokumentalak 75 minutu irauten ditu eta gidoia Marga Gutierrez nafarrak idatzitakoa da. Kontakizuna, ostera, Ane Etchegoyen abeslari eta konposatzaile baxenabartarrak egiten du. «Gure herriaren historia lantzerakoan, begirada feminista ezinbestekoa da. Gutierrezen gidoiak bete-betean asmatzen du horretan», gaineratu dute udal ordezkariek.
Filma euskaraz dago eginda, eta ziortza-bolibartarrek hori ere balioan jarri nahi izan dute. Dena dela, euskaraz gain, jendea elkarrizketatzerakoan beste hizkuntza batzuk ere agertzen direla azpimarratu dute: katalana, frantsesa, aragoiera eta gaztelera, esaterako. «Ikus-entzunezkoen arloan sekulako garrantzia dauka euskarazko lanei oihartzuna ematea. Euskarak egoera diglosikoa eta minorizatua jasaten du. Horregatik, euskarazko dokumentalak bultzatu eta babestu beharra dago. Eta dokumentalekin batera, zuzendari eta gidoigile hauei ere bultzada eman beharra dagoela uste dugu».