Anartz Aranbarri iheslari ohi ondarrutarra Euskal Herrira bueltatu da
Etxeratek jakinarazi duenez, ondarrutarra epaiketaren zain dago eta "astean behin Espainiako Auzitegi Nazionalera joan beharko da sinatzera".
Aranbarri atzo [otsailak 21] geratu zen aske, Caracasetik (Venezuela) iritsi eta Espainiako Auzitegi Nazionaletik pasatu ostean; egun batzuk lehenago iritsi zen Espainiara, eta astelehenean [otsailak 20] auzitegiaren esku geratu zen. Magistratuak atzo [otsailak 21] utzi zuen aske. Etxeratek jakinarazi duenez, ondarrutarra epaiketa egiteko zain dago eta “astean behin Espainiako Auzitegi Nazionalera joan beharko da sinatzera”.
Aranbarri 2011tik dago Ondarroatik kanpo. Aranbarrigaz batera, Luis Roncero iheslari gasteiztarra ere Euskal Herria itzuli dela gogorarazi dute. “Une honetan oraindik hamazortzi erbesteratu eta bost euskal deportatu daude Euskal Herrira itzuli gabe”, esan dute Etxerateko ordezkariek.