Ibilaldiaren 'Turrun hotsa' abestiak Ondarroaren nortasuna du ardatz
Aiora Renteriak eta Eñaut Elorrietak abestu dute Axular Arizmendi musikari eta ekoizle mutrikuarrak sortutako kantua. Abestia eta bideoklipa gaur [otsailak 22] aurkeztu dute, Ondarroan.
Turrun hotsa abestia izango da Ondarroako Ibilaldia 2023ko kantua. Aiora Renteriak eta Eñaut Elorrietak abestu dute Axular Arizmendi musikari eta ekoizle mutrikuarrak sortutako kantua, eta entzungai dago Spotify plataforman. Bideoklipa, ostera, Aiora Ponce ikus-entzunezko sortzaile ondarrutarrak sortu du. Leire Bilbao idazle ondarrutarra da letraren egilea.
Arizmendik azaldu du musikaren bidez akelarre batean sortzen den sinergia azaleratu nahi izan duela. “Melodia erraza duen abestia da, erraz abestekoa, eta Ondarroako eta Euskal Herriko marinel guztiei omenaldi txiki bat egiten dio”. Bilbaok, ostera, narratibaren bidez herritarren nortasuna azaleratu nahi izan du. “Zainetan kresala duen eta bere nortasunari eutsi nahi dion herri bat”.
Bideoklipa. Ponce bideokliparen zuzendariak Nerea Gartzia eta Unai Guenaga ondarrutarrak izan ditu lankide proiektuan, eta momentu hunkigarriak bizi izan dituela aitortu du, batik bat, elkartasuna sumatu duelako. “Benetan ohore bat izan da lan hau egin izana”.