Lehia estua egon da Ispasterko zaldi mando eta kintxopeko proban
Nabarniz Jatetxeak irabazi du Ispasterko zaldi mando sariketa. Kintxopekoan, ostera, Fikako Garcia Alabak nagusitu da.
Joan den asteko barikutik herenegunera arte, Ispasterko probalekuan zaldi mando eta kintxopeko probak egin dituzte. Lau egunetan, jende ugari bertaratu izan da sariketak ikustea. Bai kintxopekoa, bai zaldi mando probak, hain zuzen ere, ohiko sariketak dira Ispasterren: 27. eta 37. ekitaldiak izan dira, hurrenez hurren.
Zaldi mando proban, Nabarniz Jatetxea nagusitu zen, 78 untza eginda. Horrenbestez, Nabarnizkoek garaipenaren aho zaporeagaz jarraitzen dute, etxean Bizkaiko Txapelketa eta Kortezubin Euskadikoa poltsikoratu ondoren. Bigarren postuan, 77 untza eta 1/2gaz, Mungiako Goieta Taberna sailkatu zen; hirugarrena, ostera, Fikako Garcia Alabak izan zen, 76 untza eta 3/4egaz. Eskualdeko parte hartzaile bakarra, Berriatuko Belaustegi, bosgarren postuan sailkatu zen, 65 untza egin ondoren.
Kintxopeko probari dagokionez, Garcia Alabak nagusi agertu zen: 72 untza eta 3/4 egin zuen. Aulestiko Ibekohondo garaipenaren atarian geratu zen, Fikakoek ozta-ozta irabazi baitzioten. Ibekohondok 72 untza egin zituen. Ajangizko Txorik osatu zuen podiuma, hirugarren postuan (64 untza eta 1/4). Laugarren postuan sailkatu zen, ostera, Belaustegi, 63 untzagaz.
Astelehen iluntzean, zaldi mando probak amaitu ondoren, jaso zituzten irabazleari dagozkien txapela eta txalma proba bietako garaileek, probalekuan bertan.