Energiagaz loturiko zalantzak argitzeko zerbitzua sortu du Ispasterko Udalak
Aholkularitza ekologiko zerbitzua Ispasterko Udalak jasangarritasunaren alde egindako beste urrats bat da, eta bat dator udalerrian sortzeko bidean dagoen energia komunitatearen proiektuagaz. Ispastertarrei jasangarritasunagaz lotutako zalantzak argitzeko balio du zerbitzu horrek.
Ispasterko Udalak ingurumenaren zaintzaren eta jasangarritasun ekologikoaren aldeko apustuagaz jarraitzen du. 2022tik dabiltza udalerrian herritarren komunitate energetikoa sortzeko lanetan, eta orain ispastertarrek energiari buruz dituzten zalantzak argitzeko zerbitzua ere abian ipini dute, udaletxean bertan. Astelehenetik barikura arteko zerbitzua eskaintzen du: astelehenetik eguaztenera, 08:00etatik 15:00etara bitartean; eguenetako eta barikuetan, ostera, 16:00etatik 18:00etara.
Ispasterko alkate GarbiƱe Saenz de Buruagak azaldu duenaren arabera, herritarrentzako aholkularitza zerbitzu horrek Lanbideren sostengua du, eta otsail hasieraz geroztik dago martxan: “Energiaren Euskal Erakundeak eta Lanbidek elkarlanean atera zuten udalek tokiko administrazioan klima aldaketako eta energia trantsizioko teknikariak kontratatzeko aukera, eta eskaintza hartan parte hartu genuen; horrelaxe jo genuen egun postu horretan dagoen beharginagaz. Urtebetez ariko da herritarrei zerbitzu hori ematen”.
Udaleko langileak aholkularitza integrala emango die Ispasterko bizilagunei. “Besteren artean, fakturetako xehetasunak ulertzeko laguntza eskainiko du; horrez gain, oso lagungarria izango zaie herritarrei, beren etxeetan efizientzia ekonomiko nahiz ekologiko handiagoa zelan lortu azalduko baitie”, azaldu du alkateak. Aholkulari energetikoak aste pare bat darama bere postuan eta, dagoeneko, herritarrak hasi dira zerbitzu hori aprobetxatzen. Horretarako, udaletxean hitzordua eskatu behar dute lehenik eta behin.
Saenz de Buruaga: “Aholkulari energetikoa urtebetez ariko da herritarrei zerbitzu hori ematen”
Energia komunitatea, bidean.
Bestalde, Ispasterko Udaleko lantaldeak aurrera darama herriko komunitate energetikoa sortzeko prozesua. Taldeak eta herritarrek daukaten hurrengo jomugak komunitatearen estatutuak jasotzea eta kudeaketa batzordea osatzea dira. Prozesu horretan, “oso lagungarria” izango da udaleko aholkulari energetikoa. Egun, ia 30 dira proiektuaren parte izatea erabaki duten ispastertarrak.
Udalerriko energia komunitatea martxo amaierarako sorturik eta funtzionatzen hasteko prest egotea da udalaren asmoa
Saenz de Buruaga “pozarren” ageri da kopuru horregaz eta, oro har, herritarren inplikazio mailagaz: “Ispastertarrak frogatzen ari dira jasangarritasuna eta energiaren auzia lehen mailako ardurak direla. Aurrerantzean ere, komunitate energetikoko bazkide kopuruak gora egitea aurreikusten dugu baina, gaur-gaurkoz, oso pozik gaude herritarrek emandako erantzunagaz”. Bazkideen helburua, zehaztu duenez, martxo amaierarako komunitatea sorturik eta funtzionatzen hasteko prest egotea da. Hurrengo bilera bihar bertan egingo dute.