Bost urte daramatzate borrokan Alamedako Pentsiodunek
Elkarretaratzeari ukitu berezia eman diote bost urtez borrokan daramatzatela ospatzeko.
Domekan [otsailak 26] bost urte bete ziren Ondarroako Alamedako pentsiodunak astelehenero antolatzen hasi zirenetik; Jo ta ke, lortu arte. Borrokan tinko jarraitzen dutela behar den bezala ospatzeko asmoz, gaur [otsailak 27] eguerdiko elkarretaratzeari ukitu berezi bat eman nahi izan diote; eguraldiak lagundu ez duen arren, 125 pertsona bildu dira, tartean Ondarroako Udaleko ordezkariak eta LABeko eskualdeko ordezkariak ere, ohiko elkarretaratzea egin, eta musikagaz jan edanean aritzeko.
Alamedako Pentsiodunen elkarteko bozeramaileak hartu du hitza ohi legez, eta bost urtez egindako lana goraipatu nahi izan du, hala ere, bost urte igaro diren arren hasierako aldarrikapenei eusten dietela gogorarazi du. Are gehiago, “asteroko elkarretaratzeei esker” zenbait eskakizun lortu badira ere, oraindik ere asko dagoela lortzeko azpimarratu dute. “Astero-astero modura, lan, pentsio eta bizitza duinen alde borrokan jarraitzeko deia egiten dugu; eskakizun hori eta beste hainbat lortu arte borrokan jarraituko dugu”. Alamedako pentsiodunek eskerrak eman nahi izan dizkiote Jose Felix Aguilera bozeramaileari egiten duen lanagatik, eta beraien abestiaren doinuekin bukatu dute elkarretaratzea, jan edanagaz hasteko: “Txin-txin diruaren hotsa, gure patrikadetan maitia, gelditzen da motza”.