Oihana Kortazar, Espainiako txapeldun
Kortazarrek Espainiako Trail Running Txapelketa irabazi du.
Oihana Kortazar Mutrikun bizi den elgetarrak Atletismo Federazioak antolatzen duen Espainiako Trail Running maratoien Txapelketa bereganatu zuen atzo [otsailak 26], Zahara de la Sierran (Andaluzia). 40 kilometro eta 2.380 metroko desnibela zuen ibilbide teknikoa 4:12:07ko denboran osatu zuen, urrea bereganatuz. “Lasterketa gogorra izan zen, gorabehera asko zituen, eta nahiko arriskutsua zen, harri arte asko zeuden. Baina sentsazio onak izan nituen 15. kilometrotik aurrera eta pozik nago egindakoarekin”.
Emakumeen artean hautagai nagusia zen Kortazar, eta lehen unetik ondo bideratu zuen lasterketa, nagusitasuna erakutsiz: “Irteera puntuan maila handia zegoen, irabazlea edozein izan zitekeen, ez zegoen bi edo hiruren artean, nahiko zabal zegoen. Zalantza asko nituen nire buruarengan, beste batzuen errendimendua ikusita ea nolako zelako zailtasunak izango nituen. Hasieratik arriskatu egin nuen, erritmo arin batekin aterata eta distantzia hartzea lortu nuen. Minutu bateko tartearekin bik jarraitu zidaten eta ezin izan nintzen erlaxatu. 18. kilometroko jaitsiera tekniko batean beste neska batekin elkartu nintzen, eta gehiago arriskatuko nuela erabaki nuen, horri esker distantzia hartzea lortu nuen”.
Bigarren postua Ikran Rharsallarentzan izan zen 4:14:49 denborarekin, eta Ainara Urrutiak osatu zuen podiuma, 4:22:35. “Nik irabazi nuen, baina atzetik zetozenen postuak gorabeherak izan zituen azken orduan”.
Pozik agertu da elgetarra lortutakorekin: “Oso ibilbide polita eta gogorra zan, bidezidor asko zituen eta baita harri arte dezente ere, beherako teknikoekin. Uste genuen beste klima batekin topo egingo genuela, baina hotza egin zuen, ederra izan zen eta oso pozik nago”. Garaipenak Munduko Trail Running Txapelketa lehiatzeko txartela esleitu dio irabazleei; ekainaren 7-10 bitartean lehiatuko den maratoirako, zehazki, Innsbrucken (Austria).
Taldeka. Gizonezkoetan, Dimas Pereira nagusitu da 3:36:54ko denbora osatuaz, minutu eskas batera, Zaid Ait Malek helmugaratu da. Jan Margaritek osatu du podiuma, 3:39:50. Taldekako sailkapenean, berriz, Durango Kirol Taldea izan da taldekako garaipena lortu duena, hain zuzen ere, Oihana Kortazar, Ainara Urrutia eta Garazi Sampedroren denborei esker