22 emakume bildu ditu Mutrikuko Emakume Palisten I. Topaketak
Deba, Ondarroa, Errioxa eta Durangoko emakumeak bildu ziren. Antolatzaileak pozik agertu dira izandako erantzunarekin.
Ohiko Emakumeen Pala txapelketari formatua aldatzea aukeratu zuten antolatzaileek, eta Mutrikuko Emakume Palisten I.Topaketa burutu dute domekan [otsailak 26]. 22 emakume batu ziren, hamaika bikote osatu eta egun osoan aritu ziren frontoian. Deba, Ondarroa, Errioxa eta Durangoko emakumeak bildu ziren: “Egun pasa ederra izan zen”.
10:30etan eman zioten hasiera egunari, ligaxka bat antolatu zuten, eta zazpi minutuko partidak lehiatu zituzten. Horrela, eguerdian geldialdi bat egin zuten guztiek batera bazkaltzeko. Ondoren, final laurdenak, finalaurrekoa eta finala lehiatu zituzten. Antolatzaileak pozik agertu dira izandako harreragatik: “Oso pozik gaude izandako harreragatik. Ohiko formatuari buelta bat ematea erabaki genuen, eta topaketa egitea erabaki zen. Aurrelari eta atzelari bezala izena eman behar zen, eta bikoteak zozka bidez osatu genituen. Elkar ezagutzeko aukera ederra izan da”.