Debabarrenako Plan Estrategikoa burutzeko herritarren parte hartzea eskatu dute
Herritarrek ekarpenak egiteko galdetegia jarri dute eskuragarri. Martxoaren 8a izango da galdetegia betetzeko azken eguna.
Debabarreneko Plan Estrategikoa berrikusteko prozesuan dago, hori dela eta, orain arte egindako lanketaren zirriborroa herritarren eskura jarri du Debegesak bere webgunean. Behin betiko plana osatu aurretik herritarren ekarpenak jasotzeko deialdia zabaldu dute; online galdetegi bat prestatu dute prozesuan parte hartu nahi dutenek ikuspuntua eman dezaten egindako jarduerei eta landutako ildo estrategikoei buruz. Martxoaren 8a izango da galdetegia betetzeko azken eguna.
2022ra arte indarrean egon den Debabarreneko Plan Estrategikoa eguneratzeko helburuarekin, berria idazteari ekin dio Debegesa, Debabarreneko Garapen Ekonomikorako Elkarteak. “Planaren helburua da 2030. urtera begira inguruko erronkei eta hamarkada honetako aldaketa handiei aurre egitea”. Planak hamar proiektu transformatzaile izango ditu, helburu estrategikoei erantzuten dietenak eta ekintza propioak dituztenak. Herritarren parte hartze fasea bukatuta, Debegesak, eragileek eta herritarrek egindako ekarpenak aztertuko ditu, hurrengo urteetan erabiliko den behin betiko plan estrategikoa zehazteko.