Bi markina-xemeindarrek osatutako bikotea Ezkurdi Women Winter Seriesko bigarren bikote finalista da. Gizonezkoen buruz buruko finala Aritz Erkiaga ispastertarraren eta Xabi Barandika gernika-lumotarraren artekoa izango da.
Ezkurdi Women Winter Series zesta-punta txapelketa boladan dago: lehendabiziko jardunaldi arrakastatsuaren ondoren, atzo [martxoak 6] bigarren jardunaldiko partiduak jokatu zituzten, eta Durangoko Ezkurdi pilotaleku berritua ikuslez bete zen. 650 lagunek harmailak bete zituzten, eta giro bikaina nagusitu zen. Arai Lejardi eta Erika Mugartegi markina-xemeindarrek garaipen landua eta borrokatua lortu zuten Helena Barrenetxea durangarraren eta Eneritz Lizardi mutrikuarraren aurka.

Ezkurdi pilotaleku berrituko harmailak. Argazkia: Eraman Jai Alai.
Estreinako tantotik argi eta garbi geratu zen partidu lehiatua izango zela. Barrenetxea eta Lizardi, azken horren horma biko bikain bati esker, 2-1 aurreratu ziren. Markina-Xemeingo bikoteak, baina, partiduaren tentsioari eutsi zion, eta, bina berdindu ondoren, aurrea hartu zuen. Aipagarria izan zen, besteren artean, Mugartegiren jarrera: ausardia handiz, uneoro pilota bilatzera joan zen. Lejardik, atzealdeko koadroetatik, laguntza handia eman zion bere herrikideari, eta markagailuan isla eduki zuen lan horrek guztiak: 4-6 eta 4-7kotik, 7-11kora ihes egin zuten.
Lehen setean erakutsitako maila handia bigarrenean berretsi zuen bikote markina-xemeidarrak
Une hartan, etxeko pilotari Barrenetxeak, saihetsetik barrura bota zuen pilota, eta hirura hurreratu zuen partidu hasieran ustez hautagai zen bikotea. Lea-Artibaikoek, baina, ederto hasitako lanari jarraipena eman zioten, eta lehenengo seta 8-15 irabazi zuten. Dena dela, Mugartegiri eta Lejardiri markagailuak erakusten zuena baino gehiago kostatu zitzaien seta eskuratzea; hain zuzen ere, set amaieran beren aurpegiek tentsioa eta nekea bistaratzen zuten. Lehen setean erakutsitako maila handia bigarren setean berrestea tokatzen zitzaien.

Tentsioa aldageletan. Argazkia: Eraman Jai Alai.
Dena dela, bigarren setak, lehendabizikoaren aldean, emozio gutxiago eduki zuen. Hori bai, bikote bien mailak ez zuen behera egin. Lizardi, egungo munduko txapelduna, gogor saiatu zen partiduaren erritmoa berak ezartzen, baina markina-xemeindarrek tantoak borobiltzeko trebezia handiagoa agertu zuten: 0-3, 2-8 eta 3-13 aurreratu ziren. Markagailua kontra edukita, Barrenetxeak arriskatzeko hautua egin zuen, gura baino emaitza urriagoak eskuratuz. Lau pilotarietatik gazteena da durangarra, eta hori igarri egin zitzaion, batik bat, indarrari zegokionez. Nolanahi ere, errematerako grina duela frogatu zuen, eta ikusleak zutiarazi zituen. Azkenean, markina-xemeindarrek finalerako txartela eskuratu zuten, 12-15ekoagaz. Lehen setean baino erosoago aritu ziren, markagailu estuagoagaz amaitu arren.
Erkiagak irudi txukuna erakutsi zuen partidu osoan zehar; 8-15 eta 12-15 nagusitu zen
Erkiaga, aurkari barik. Emakumezkoen binakako partiduaren ondoren, gizonezkoen buruz buruko lauko finalaren txanda izan zen. Aritz Erkiaga ispastertarrak, iazko Jai Alai Winter Series irabazitakoak, aurtengo ekitaldiko garailea izan den Imanol Lopez zumaiarraren kontra neurtu zituen indarrak, eta nagusi azaldu zen. Erkiagak berehala bistaratu zuen Ezkurdi pilotalekua bikain egokitzen zaiola, eta txapa gaineko paregabe bategaz abiatu zuen norgehiagoka. Binakoaren ostean, Ispasterkoaren erakustaldia hasi zen: 2-7 eta 3-9 aurreratu zen.

Argazkia: Eraman Jai Alai.
Hortik aurrera, Lopezek estrategiaz aldatu zuen: txulara jaurti ordez, errebesez eta behetik eraso egiteari ekin zion gipuzkoarrak. Taktika horrek fruitua eman zion, 5-9koagaz lau tantura hurreratu baitzen. Erkiagak, baina, erritmo handiagoa eman zion partiduari, eta 8-15eko markagailuagaz nagusitu zen, sentsazio apartak erakutsiz. Bigarren setean, Lopez borrokalariago aritu zen, eta 6-4koagaz aurreratu zen. Zenbait tanto lehiaturen ondoren, Erkiaga aurretik ipini zen, 8-7koagaz, atsedenaldia orduko. Etenaldi horren ondoren, Erkiagak lehen seteko irudi bikainari eutsi zion, eta agintea berreskuratu zuen. Lopezek eusteko saiakera egin arren, ispastertarrak ez zion inongo aukerarik laga, eta 12-15 nagusitu zen.
Hurrengo asteko azken jardunaldirako sarrera guztiak jadanik salduta daude
Finalak, ate joka. Datorren astelehenean borobilduko dute txapelketa, final biak jokatuko baitituzte. Giro bikaina ziurtatuta dago, dagoeneko sarrera denak saldurik daudelako. 19:30ean hasita, Maite Aldazabal berriatuarra eta bere bikotekide Maite Ortiz de Mendibil arabarra atzoko garaile Erika Mugartegi eta Arai Lejardi markina-xemeindarren aurka ariko dira. Gizonezkoen artean, berriz, Erkiagak Xabi Barandika gernika-lumotarra edukiko du aurrez aurre.