Leire Bilbaok eta Jabier Muguruzak 'Txitxarroa eta atuna' diskoa kaleratu dute
Idazle ondarrutarrak konpositore irundarrak haurrei zuzendutako 'Txitxarroa eta atuna' diskoko letrak idatzi ditu. Bilbaok esan du diskoan parte hartzea "ohore" bat izan dela.

Jabier Muguruza konpositore eta musikari irundarrak Txitxarroa eta Atuna haurrei zuzendutako disko berria kaleratu du Leire Bilbao idazle ondarrutarraren letrekin. Diskoa hamar abestiz osatuta dago, eta sortzaileen esanetan “musikak eta poesiak bat egiten dute, eta metaforez eta onomatopeiez osaturik daude abestiak”. Donostiako Mamusic estudioetan grabatu da, Jean Mari Ekai, Mikel Azpiroz eta Karlos Aranzegi musikariekin, eta Nieves Arilla abeslariarekin batera.
Bilbaok diskoan parte hartzea “ohore” bat izan dela aitortu du: “Urontzian dagoen arraina itsasora bota duzue, eta libre utzi duzue. Horrela sentitzen dut poesia musika kantu bihurtzen denean”. Abestien bidez istorioak kontatu ditu, hala nola, poesiak narratiboak izan daitezkeela adieraziz: “Poztasuna dago baina tragedia ere bai, eta hori ere kontatu behar zaie umeei. Umeei hitz egin behar zaie bizitzaz, maitemintzeaz, heriotzaz, bizitzako harrokeriaz eta tuntunkeriaz, Txitxarroa eta atuna-n agertzen dena”.
Musikan eta literaturan, haurrentzako lanak egiten hasi zen profesionalki Muguruza, eta ibilbide horretan jarraitzen du. Azken diskoa sortzeko Pique eta Shakiraren arteko harremanaz baliatu dela aitortu du egileak: “Zalaparta handia piztu zen Pique eta Shakiraren arteko harremana amaitu zenean, are handiagoa kanta eta bideo gordinak etorri zirenean. Sare sozialetan, gizartean, ez zegoen besterik. Baina uste dut gutxi izan zirela haien umeen egoera aintzat hartu zutenak”.