Ondarroako EH Bilduk zerrendaren aurkezpena egingo du Bilgune berrian
'Hartu berbi' ekimena jarri dute martxan; herritarren iritziak jasoko dituzte galdetegi bidez.
Ondarroako EH Bilduk udal hauteskundeetarako zerrendaren aurkezpena eta Bilgunearen inaugurazioa egingo du barikuan [martxoak 10], 20:00etan, Nasa kalea 13an. Zerrenda parekidea, anitza, kontrastatua eta indartsua prestatu dutela adierazi du Urtza Alkorta Arrizabalaga zerrendaburuak: “Ia osorik berritu dugu zerrenda, eta horrek indar berria ekarriko digu hurrengo lau urteetan. Gainera, guretzat oso garrantzitsua den gazte eta helduen artean osatutako zerrenda izango da, eta horrela adorea eta esperientzia uztartuko ditugu zerrenda honetan”.
Aurkezpenarekin batera Bilgunea elkartoki modura erreferentzia gune bihurtu eta lanean hastea da helburua. “Nire aurkezpenean ere esan genuen, udal gobernura EH Bilduren taldea iristeko denok egin beharko dugula lan, eta horretara goaz. Bilgunea izango da gure etxea hauteskundeetaraino, bertan egingo dugu posta bidezko bozka, bertan batuko gara eta herritarrentzat ere erreferentzia puntu izatea nahi dugu gurekin zerbait elkarbanatu nahi dutenerako”.
Hartu berbi. Herri programaren lanketan beste urrats bat emateko, ‘Hartu berbi’ ekimena ipini du martxan zeregin zehatz batekin: herritarren nahiak zeintzuk diren jakitetik lehentasunak zeintzuk diren jakin eta hauek ordenatzea. Galdetegi anonimoa da, whatsappez, sare sozialen bitartez edo paperean dago eskuragarri, eta herritarren iritziak jasoko ditu: “Herri txiki batean bizi gara, eta gutxi gorabehera denok dakizkigu zein beharrizan dauden, baina uste dugu garrantzitsua dela baita ere beharrizan horietan herritarrek zeintzuk lehenesten dituzten jakitea”.