Bziber lehiaketan taldekako kategoria ere badago aurten
TikTok sarean oinarritutako eta Euskal Herriko 13 eta 16 urte bitarteko gazteei zuzendutako euskarazko Bziber lehiaketaren seigarren edizioa martxan dago. Azkue Fundazioak gazteak eta sareak euskaraz ehuntzeko egindako proiektu horrek Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara, Kultura eta Kirol Sailaren babesa dauka beste behin.
Astelehenean (martxoak 6) hasi zuten, eta martxoaren 30 (eguena) izango da parte hartzeko azkenengo eguna. Martxoaren 31n irabazleak iragarriko dituzteĀ webgunean eta sareetan.
Bi kategoria. Berritasunagaz dator aurten Bziber lehiaketa, banakako kategoria ez ezik, taldekakoa ere badagoelako (4 kide gehienez). “Bi kategoriatan parte hartzeko aukera dago. Pertsona berdinak ezin izango du kategoria berdinean bi sari jaso baina bi kategoritan parte har dezake”.
Probak sareetara igotzeko edo bidaltzeko azken eguna martxoaren 30a izango da
Aste hauetan Asier Burguetek lau erronka botako ditu TikTok saretik, eta parte-hartzaileek erronka bat, bi edo laurak egin ditzakete. Bideoak euskara hutsean aurkeztuko dira, eta antolakuntza eta parte-hartzaileen arteko komunikazioa euskaraz izango da. Ez dituzte onartuko eduki iraingarriak biltzen dituzten lanak: “giza eskubideen urraketa, bortizkeria, irainak, arrazakeria, sexismoa eta errespetu faltak”.
Lehiaketan parte-hartzeko Bziber lehiaketaren sareen jarraitzaile izan behar da, eta proben bideoak modu publikoan edo modu pribatuan bidali daitezke. Bideoa publikatzen baldin bada, Bziber etiketatu behar da nahitaez (@bziber_lehiaketa). “Modu pribatuan eginez, bideoa zuzenean guri bidaltzeko aukera ere egongo da TikTok sarean mezua bidaliz”, zehaztu dute.
Sariak. Kategoria bakoitzak bere saria dauka. Banakako kategorian, proba bakoitzetik bi irabazle aterako dituzte, guztira zortzi irabazle, beraz. Twitch plataformarako harpidetza izango da horientzako saria. Taldeko kategorian, ostera, talde bakarrak eramango du abentura esperientzia bat. Ez da beharrezkoa proba guztiak eginda izatea sariaren zozketan sartzeko.
Jakinarazi dute jasotako probaren bat egokitzat hartzen ez badute, proba hori lehiaketatik kanpo geldituko dela, eta parte-hartzaileek antolatzaileen erabakiak onartzeko eta betetzeko konpromisoa hartuko dute.