Neguko jaurtitzaile luze onena erabakitzeko txapelketa
Neguko jaurtiketa luzeen Euskadiko Txapelketa lehiatuko dute etzi [martxoak 11], Durangon.
Neguko jaurtiketa luzeen Euskadiko txapelketa jokatuko da zapatuan [martxoak 11], 14:00etan hasita, Durangoko Landako kiroldegian. Hainbat proba lehiatuko dituzte, hala nola, mailu, disko eta xabalina jaurtiketak. Bai gizonezko, bai emakumezko parte hartzaileek hainbat pisutako mailuak, diskoak eta xabalinak jaurtitzeko egitekoa edukiko dute, marka onena nork lortuko.
Han egongo da eskualdeetako partaidetza, Tximista Atletismo Taldearen eta Durango Kirol Taldearen koloreak defendatuz. Besteren artean, Sarai Larrinaga Lejardi etxebarritarrak ere parte hartuko du. DKTkoak “presio barik” lehiatuko duela argitu du: “Nire helburu bakarra barruan dudan onena ateratzea izango da; hori lortuz gero, seguru maila handian ariko naizela”.
Emakumezkoek 4 kiloko mailuak eta 500 nahiz 600 gramoko xabalinak jaurti beharko dituzte. Horrez gain, kilo 1eko eta 800 gramoko diskoakaz ere aritu beharko dira. Gizonezkoek, ostera, 5 eta 6 kiloko mailuak jaurti beharko dituzte. Xabalinei dagokienez, 600, 700 eta 800 gramokoak edukiko dituzte lehiaketan; diskoak, berriz, kilo 1ekoak, kilo eta erdikoak eta kiloa eta 750 gramokoak.