Obrak hasi dituzte Mutrikuko Txurruka Tenienteak etorbidean
Astelehenean [martxoak 13] Galdona auzora doan bidea konpontzeko obrak hasiko dituzte, eta errepide hori moztuta egongo da.
Mutrikuko Udalak azken hilabeteetan lizitatu dituen hainbat obra lan abian daude. Zehazki, Mutrikuko Txurruka Tenienteak etorbideko Dentici pabiloiaren inguruko aparkaleku eta urbanizazio obrak gauzatzeko lanak hasi dituzte asteon. Astelehenean [martxoak 13], berriz, Galdona auzora doan bidearen konponketa lanei ekingo diote.
Dentici pabiloiaren proiektuaren xedeak lehendik dagoen etxebizitza-blokera larrialdiko ibilgailu-sarbide bat izateko eta pabiloi zaharreko zolataren hondarrak nolabait egokitzeko beharrari erantzuten diola adierazi dute. “Inguru horretan aparkaleku gutxi dagoenez, aparkaleku txiki bat egokitzea erabaki da eraikin zaharraren orubean, beheko solairuan eta forjatu ireki baten gaineko altueran”. Horrez gain, Txurruka Tenienteak etorbideko atzealdeko etxebizitzetara sartzeko oinezkoentzako bide bat egingo dute, “larrialdi edo behar izanez gero ibilgailuak atariko kotaraino sartzeko”.
Markina-Xemeingo Gaimaz enpresak burutuko ditu obrak, eta 334.317,51 euroko aurrekontua dute. Obrek hiru hilabete inguru iraungo dutela aurreikusi dute.
Galdona. Bestalde, astelehenean hasiko dira Galdona auzora doan bidearen konponketa eta asfaltatze lanak; Mutrikuko GI-638 errepidetik (DIA supermerkatuaren parean) Galdona auzora doan bidean egingo dituzte konponketak. Udaletik jakinarazi dutenez bidearen egoera txarra dela-eta hartu zuten erabakia: “Konponketa eta asfaltatze lanak egiteko beharra ikusi du udalak; bidearen egoera txarrak, arrakalek eta galdu den materialak ez du bermatzen errepidearen segurtasuna, batez ere, euri eta elur giroa dagoenean”.
Obrek 124.772,48 euroko aurrekontua dute, eta AlvarGonzalez Contratas S.A enpresari esleitu zaio eginbeharra. Astebete inguruko lanak izango direla aurrikusi dute: “Ostiralerako amaitzea espero da”. Gainera, lanek iraun bitartean trafikoari eragingo diola adierazi dute: “Denbora horretan bidea guztiz itxita egongo da. Auzotarrei komunikatu zaie”.