Lau ikustaldi, Elite txapelketaren bigarren jardunaldian
Elite mailako lehen Euskadiko Txapelketaren bigarren jardunaldia lehiatu zen Miruaitzen.
Gizonezkoen Elite mailako lehen Euskadiko Txapelketaren bigarren jardunaldia lehiatu zen barikuan [martxoak 10] Mutrikuko Miruaitz pilotalekuan. A eta B taldeko partidak jokatu zituzten, eta lau ikustaldirekin gozatzeko aukera izan zuten hurbildu zirenek.
A taldeko lehen partiduak Basterra eta Ibarluzea elkartu zituen, Urko Lekerikabeaskoa eta Atainen aurkako norgehiagokari heltzeko. 15-30 nagusitu ziren bigarrenak, eta 80 puntu jaso zituzten; lehenengoek, hogei tantotik behera egin ondoren, 20 jaso zituzten. Bigarren norgehiagokak Alberdi eta Manzisidor batu zituen, Urreisti eta Madiolaren aurka aritzeko. Bi mutrikuarrak elkarren kontra aritu ziren lehian, pasaden astean elkarrekin jokatu eta nagusitasunez irabazi ondoren. Etxekoen arteko lehian, Mancisidor nagusitu zen, Alberdi bikotearekin batera, 30- 16ko markagailua ezarri zuten, eta 80 puntu lortu zituzten. Urreisti eta Mandiola galtzaile izanik, 20 puntu eraman zituzten.
B taldeko partidak estuagoak izan ziren, eta markagailuek ere hori eman dute aditzera. Agirre eta Urangak osatu zuten bikote, Gonzalez eta Diazen aurka aritzeko. 28-30ko markagailu estuarekin amaitu zen norgehiagoka Miruaitzen, eta ikustaldia eman ondoren, 60 puntu etxeratu zituzten bigarrenek. Agirre eta Urangak, garaipena hurbil izanik, 40 puntu eraman zituzten.
Azken partida, berriz, Aaron eta Iturraldek lehiatu zuten, Goitia eta Bailoren aurka. Aurreko partida bezala, norgehiagoka bizia izan zen hauen artean ere, 27-30eko markagailuarekin bukatu zen partida eta, kasu honetan ere, 40 puntu etxeratu zituzten lehenengoek, bigarrenek, berriz, 60 puntu.