Ondarroako, Lekeitioko eta Markina-Xemeingo eguneko zentroetan ezarriko da zerbitzua.
Lea Artibai Amankomunazgoak adineko pertsonei zuzendutako arreta zerbitzua eskainko du eskualdeko hiru eguneko zentrotan, zehazki, Ondarroan, Markina-Xemeinen eta Lekeition. ” Zerbitzua emateko hitzarmena berriztuko dugu aipatutako hiru udalerrietan”.
Hiru helburu nagusi ditu zerbitzuak; pertsonen autonomiari eusten laguntzea, ohiko bizilekuan bizitzen eta gizarteratzen laguntzea, eta gizarte bazterketako egoerak ekiditea. Arreta zerbitzua pertsona zehatz batzuei dago zuzenduta: lehen graduko menpekotasuna dutenei ( Mendekotasunaren balorazioaren neurrien barruan, 25etik 39 puntura bitartean dutenak) eta menpekotasun arriskua duten 65 urtetik gorako pertsonei (23etik 24 puntura Mendetasunaren balorazio neurrien arabera).
Bost orduko zerbitzua eskainiko da, eta Eguneko Zentro bakoitzak bere ordutegiak izango ditu:
- Lekeition: 9:00etatik 14:00etara.
- Markina-Xemeinen: 10:00etatik 15:00etara.
- Ondarroan: 9:00etatik 14:00etara.
Zerbitzua martxoaren 10ean jarri zen martxan, eta hurrengo lau urtez martxan egongo da. Udalerri bakoitzak leku kopuru mugatu bat izango du zehaztuta: Lekeition bost leku egongo dira, Markina-Xemeinen lau leku, eta Ondarroan, berriz, hamar leku. Zerbitzuaz baliatzeko ezinbestekoa izango da aurretiaz hitzordua eskatzea Oinarrizko Gizarte Zerbitzuan, hain zuzen ere, gizarte langilearekin. “Zerbitzua onuradunaren diru sarreraren arabera ordainduko da”. Zalantzak argitzeko telefono zenbaki bat jarri dute eskuragarri: 94 616 90 68.
Aurrekariak. Zerbitzua 2019an jarri zen martxan, eta urtez urte, zerbitzua handituz joan da. Azken lau urteetan, esaterako, zortzi erabiltzaile izan dituzte arreta zerbitzuaz baliatu direnak.