Mutrikuko Iriagirre kalean obrak hasiko dituzte
Astelehenean [martxoak 20] abiatuko dira, eta lau hilabetez luzatuko direla aurreikusi dute.
Mutrikuko Udalak astelehenean [martxoak 20] abiatuko ditu Iriagirre kaleko obrak, zehazki, Mutriku eta Daba arteko GI-638 errepidean. Auzoaren irisgarritasuna bermatzeko “beharrezko” lanak egingo dituzte, hala nola, igogailua ezarri eta urbanizazio osagarrirako hobekuntzak.
Udaletik jakinarazi dutenez proiektuaren xedea hiri-igogailu bat eta urbanizazio osagarri bat instalatzea da: “Mutriku eta Deba arteko GI-638 errepidearen ondoko sarbide espaloiaren eta Iriagirre kaleko goiko plataformen arteko altuera modu irisgarrian gainditzeko. Bi altueren artean eustorma garrantzitsu bat dago, burua pixka bat aldatu duena eta goialdean dagoen urbanizazioan kalteak eragin dituena”. Udalak aipatutako horma egonkortu du “harkaitzean ainguratuz”, eta duela gutxi amaitu dituzte lanak. Orain, hormaren buruaren inguruko espazio urbanizatua konpontzeari ekingo diote: “Egungo irisgarritasun irizpideei jarraituz egin behar dela planteatu da”.
Gaimaz enpresak burutuko ditu aipatutako lanak, eta 377.595,93 euroko (BEZ barne) aurrekontua dute. Adierazi dutenez, lanak lau hilabeteko epean egitea aurreikusten da.