Eneko Sagarmendi, Gipuzkoako buruz buruzko txapeldun
Eneko Sagarmendik garaipen bikoitza lortu du asteburuan: zapatuan, Gipuzkoako buruz burukoan nagusitu da; domekan, ostera, Master Cup irekiko partiduan.
Asteburu borobila izan da joandakoa Eneko Sagarmendi pilotari mutrikuarrarentzat. Zapatuan Gipuzkoako buruz buruko txapelketako finalean gailendu zen, Urretxuko Ederrena pilotalekuan, Iraitz Uhegun donostiarraren kontra; Sagarmendik 18-14ko markagailuagaz irabazi zuen, mailako aurkariaren kontra “partidu gogorra eta borrokatua” jokatu ondoren.
Atzo, ostera, Master Cup irekiko partiduan izan zen Mutrikuko pilotaria, Eibarko Astelena frontoian. Guztira lau partidu lehiatu zituzten, zortzi tantotara. Haritz Lertxundi zarauztarragaz bikote eginez, 8-0 nagusitu zen Sagarmendi, Sheila Cuelo oreretarraren eta Xabier Villa zarauztarraren kontra. Jarraian, Joseba Altuna oriotarraren eta Asier Arruti zaraiztarraren aurka jokatu zuten Sagarmendik eta Lertxundik, eta 8-3 irabazi zuten.
Azken partiduetan, Jurdan Arakistain zestoarraren eta Josu Arratibel ataundarraren kontra 8-2 nagusitu ziren lehenengo; ondoren, Uhegun eta Ibai Gomez errenteriarraren kontra, 8-5. Garaipen horrekin, Sagarmendik eta Lertxundik final handirako txartela eskuratu zuten. Azken partidu hori, hain zuzen ere, apirilaren 9an izango da, 12:00etatik aurrera, Irungo Uranzu pilotalekuan.
Buruz burukoan jokatutako partidu guztiak irabazi ditu Sagarmendik
Garaipenez garaipen. Asteburuko emaitza paregabeek mutrikuarraren egoera fisiko bikainaren berri ematen du. Izan ere, Gipuzkoako buruz burukoan jokatutako lau norgehiagoketetan garaipena lortu du Sagarmendik. Urtarrilaren 28an abiatu zuen buruz burukoa, eta 15-2ko eta 15-09ko garaipena lortu zuen, hurrenez hurren, Lertxundiren eta Arakistainen kontra. Finala orduko beste bi partiduetan, aldiz, 15-12 eta 15-10 gailendu zen: lehenengoa Uheguenen aurka izan zen; bigarrena, Altunaren kontra.