Lau domina eskuratu ditu LeartiADI SOS taldeak
Valladoliden lehiatu duten txapelketan maila izugarria erakutsi dute sorosleek, eta "oso pozik" agertu dira.
XX. ‘ Valladolid hiria’ Salbamendu eta Sorospen txapelketan parte hartu dute Lea-Artibaiko LeartiADI SOS Taldeko sorosleek, igerilekuko eta hondartzako probetan. Emaitza ikusgarriak lortu dituzte parte hartzaileek, eta zehazki, lau domina etxeratu dituzte, denak ala denak, banderen proban. “Oso pozik gaude lortutakoagaz, eta erakutsitako mailagaz. Irudi oso ona eman dugu, eta sorosleek maila ederra erakutsi dute”.
Zapatuan abiatu zituzten igerilekuko probak. Goizean, taldeko gazteenen txanda izan zen, Lizar Etxaburuk bi proba egin zituen; 50 metro panpin txikia atoian eramatea hegalekin eta 25 metro panpin txikia atoian eramatea hegal barik. Lluna Badiolak 100 metro sorosle proban, eta Iraun Etxaburuk 100 metro konbinatua hegalekin lehiatu zuen. “Oso ondo lehiatu zuten denek”. Arratsaldean, berriz, gazte kategoria lehiatu zuten eta Aiur Alkorta lehenengoa izan zen bere tandan, 50 metro panpina atoian eramatean. 100 metro sorosle proba lehiatu zuten Naroa Uria eta Iraia Iruretagoienak, eta hauek ere, bigarren eta hirugarren postuak eskuratu zituzten beraien tandetan. “Emaitza oso onak izan ziren. Kontuan izan behar dugu Espainiar estatuan ibilbide handia duten taldeekin lehiatzen dugula, eta gure taldeak hiru urteko ibilbidea duela. Gainera, igerilekuko probak entrenatzeko azpiegitura falta dugu igerilekuak duen tamaina eta eskaera handia kontuan izanda. Hortaz, oso ondo egin dugu”.
Domekan, berriz, hondartzako proben txanda heldu zen, banderen froga lehiatu eta lau domina eskuratu zituzten. Unai Diazek urrezko domina eskuratu zuen, Aiur Alkortak zilarrezkoa, eta Paul Arrizabalagak osatu zuen podiuma. Kimu kategorian, Lizar Etxaburuk hirugarren postua eskuratu zuen.
Iker Urrutia, Aratz Arrizabalaga, Jokin Carrasco, Unai Gutierrez, Iker Urrutia eta Unai Urruzuno izan ziren lehian aritu ziren gainontzeko taldekideak. “Talde ederra dugu”. Hurrengo helburuak ere finkatu ditu jada taldeak: “Apirilaren amaieran Castron lehiatuko ditugu pistinako probak, ondoren, Espainiako txapelketari begira jarriko gara”.