Gaurtik barikura [martxoak 24] bitartean egingo da bilketa.
Zaporeak proiektuarekin bat eginez, gaurtik [martxoak 20] barikura bitartean Greziako Lesbos irlan dauden errefuxatuentzat janari bilketa egingo da Debabarreneko herrietan, tartean, Mutrikun. Pasaden astean bilketaren xehetasunen berri emateko asmoz, aurkezpena burutu zen Mutrikuko Zabiel kultur etxean, Debabarrenako Zaporeak taldearen eskutik.
Aurkezpenean azaldu bezala, Debabarrenako herri bakoitzari janari bat biltzeko beharra esleitu zaio, mutrikuarren kasuan, arrain kontserbak bilduko dituzte. “Mutrikuar guztiak animatu nahi ditugu goian aipatzen diren dendetan arrain kontserbak utzi ditzaten”. Zehazki, herriko zortzi establezimendutan abiatu da bilketa:
- Cristina denda (Almirante Gaztañeta, 20)
- Goiko Eroski (Jose Maria Alcibar, 17)
- Isabel (Jose Maria Alcibar, 12)
- Sabina (Txurruka plaza, 4)
- Marije (Barrenkale, 1)
- Potero (Barrenkale, 7)
- Beheko Eroski (San Agustin, 10)
- Txalaparta (Lehendakari Agirre, 23)
Zaporeak proiektua. Zaporeak Proiektua Intxaurrondo Gastronomia Elkarteak jarri zuen martxan elkartasuna eta gastronomia uztartzen zituzten proiektua garatzeko asmoz. Sei urte baino gehiago igaro dira proiektua Chios uhartean hasi zenetik, eta ordutik Patras, Atenas eta Lesbosen ibili dira. “Zaporeak elkarteak 3.000.000 otordu baino gehiago banatu ditu, eta 800 boluntarioren lana eta maitasuna izan ditu”.