Mutrikuko 38. Atxukale Sariak puntako partaidetza edukiko du
Lotura motorren protestak direla eta, duela bi aste esan zuten ez zela proba egingo. Orain, ostera, egin egingo dela esan dute. Zapatuan [martxoak 25] lehiatuko dute 87 kilometroko gazte mailako proba.
Zapatuan [martxoak 25] 38. Atxukale Saria lehiatuko dute Mutrikun. Mutrikuko Udalak Atxukale Txirrindu Taldeagaz elkarlanean antolatu du gazte mailako proba, eta Gipuzkoako Federazioko egutegi barruko lasterketa izango da. Antolakuntzatik aurreratu dute probak goi mailako partaidetza edukiko duela; 200 txirrindulariko tropel handia egongo da irteera lerroan. Aurretiaz, gainera, 235ek izena eman zuten, baina federazioak mugatze lanak egin behar izan ditu, indarrean dagoen parte hartze araudia errespetatu eta segurtasuna bermatzeko. “Talde bakoitzak aurkeztu dezakeen txirrindulari kopurua mugatu egin dute, talde denen parte hartzea bultzatzeko”.
Euskal Herriko taldeez gain, Kantabriatik edota Bordeletik bertaraturikoak ere egongo dira irteeran
Euskal Herri osoko taldeak egongo dira zapatuan Mutrikun. Horiez gain, kanpotik bertaratuko direnek maila are gehiago handituko dute. Esate baterako, Kantabriako edota Bordeleko taldeetako txirrindularik parte hartuko dute. “Maila, oro har, oso handia izango da, eta seguru gaude lasterketa gogorra, ikusgarria eta polita izango dela”. 15:30ean hasiko dira txirrindulariak lehendabiziko pedalkadak ematen, eta 87 kilometroko ibilbide gogorrari egin beharko diote aurre. Ibilbide hori bi zati desberdinetan banatuta dago. Lehenengoa, Osintxura joan-etorria, leunena izango da, auzo horretako zeharbidea baino ez baita izango igo beharko duten aldapa bakarra.
Irteera eta helmuga Jose M. Alzibar hiribidean egongo dira kokatuta, eta hango aparkalekuan ezingo da autorik aparkatu bariku [martxoak 24] iluntzetik aurrera
57. kilometroan igaroko dira parte hartzaileak Mutrikutik eta bigarren zatiari helduko diote. Bigarren eta azken zati hori izango da, hain zuzen, erabakigarriena. Galbaixo gaina birritan igo beharko dute: bigarren eta azken pasaerako tontorretik helmugara 14 kilometro baino ez zaizkie geratuko.
Segurtasuna, jomuga. Antolatzaileek adierazi dute “esfortzu handia” egin behar izan dutela txirrindularien nahiz ikusleen segurtasuna bermatzeko. Azken hilabeteotako lasterketako lotura motorren auziak hurretik ukitu dio antolakuntzari: “Inguruko zenbait lasterketa bertan behera geratu behar izan dira, lotura motor faltagatik; guk, ostera, zortea eduki dugu, eta motorrak egotea lortu”.
Era berean, herritarrei “pazientzia eta ulermen apur bat” eskatu diete, irteera eta helmuga kokatuta egongo diren Jose M. Alzibar hiribidean ezin izango baita autorik aparkatu bariku iluntzetik aurrera. “Lasterketak jende ugari erakarriko du eta, beraz, gune hori libre utzi beharko da. Kiroldegi inguruan aparkatzeko aukera prestatu dugu, eta eremu horretako bizilagunei pazientzia eskatzen diegu. Barikuan [martxoak 24], 20:00etatik aurrera, hiribide horretako aparkalekua zarratuko da eta lasterketa amaitu ondoren berriro zabalduko da”.