32. Sabin Foruria Haitzasko Oroimenezkoa lehiatuko dute zapatuan
Afizionatu mailako Euskaldun Torneoko seigarren lasterketa izango da. Egun, 183 ziklistak eman dute izena. 118 kilometroko ibilbide gogorra egin beharko dute.
Datorren zapatuan [martxoak 25], 32. Sabin Foruria Haitzasko Oroimenezkoa txirrindulari lasterketa lehiatuko dute Markina-Xemeinen, herriko txirrindulari elkarteak antolaturik. Euskaldun Torneorako baliagarria izango da proba hori, txapelketa horretako seigarrena, otsailaz geroztik. Bertan Euskal Herriko talderik sendoenak eta puntako ziklistak bilduko dira, garaipena zeinek lortuko; 15:30ean hasiko dira parte hartzaileak pedalkadak ematen. Gaur-gaurkoz, 183 lagunek eman dute izena, baina antolakuntza lantaldetik aurreratu dute 200eko mugara ailegatzea espero dutela.
117 kilometroko ibilbide gorabeheratsua eta bihurgunetsua egin beharko dute txirrindulariek
Aldaola kalean egongo da kokatuta irteera eta helmuga eremua. 117 kilometroko ibilbide gorabeheratsua eta bihurgunetsua edukiko dute aurretik, hiru itzuli desberdinetan banaturik. Lehenengo eta behin, Markina-Xemeindik Ondarroarako bidea egingo dute, kostatik Lekeitiora joateko. Lekeitiotik Munitibarreraino joango dira jarraian, eta eguneko estreinako mendatea igoko dute: Gontzagaraigane. Markina-Xemeindik igarota, bigarren itzuliari ekingo diote. Lehenik, Plazakola auzotik Milloira igoko dira, ostean Oletara jaitsi eta Munitibarrera joateko; Gontzagaraigane bigarrenez igo ondoren itzuliko dira Markina-Xemeinera.
Azken mendateak, giltzarri. Azken itzulian, Lekoitz Gane igoko dute, ostean Aulestira jaisteko. Azkenik Gontzagaraiganeko azken pasaera egingo dute, Markina-Xemeingo helmuga harrapatu orduko. Bai Lekoitz Ganeko mendatea, bai Gontzagaraiganeko azkenengo pasaera erabakigarriak izango direla aurreratu dute antolatzaileek; izan ere, bigarrenaren gailurretik helmugara, 9 kilometroko tartea baino ez da egongo.
Dylan Westley dago, egun, Euskaldun Torneoko lidertzan. Atzetik dauzka Iker Mintegi eta Unai Zubeldia
Finisher etxeko Dylan Westley iritsiko da Euskaldun Torneoko liderraren elastikoagaz Sabin Foruria Haitzasko Oroimenezkora. Sailkapeneko bigarren postuan, Laboral Kutxako Iker Mintegi dago egun; hirugarrena, ostera, bere taldekide Unai Zubeldia da. Era berean, antolakuntzatik aurreratu dute ez dela mendiko edota tarteko helmugetako saririk egongo.