Bizkaiko Bertsolari Txapelketarako sailkapen fasea maiatzaren 4an hasiko da
Udabarria Bertsotan fasean zortzi saio lehiatuko dituzte, eta horietako bat Aulestin izango da. 48 bertsolarik parte hartuko dute, eta tartean dira Lea-Artibaiko lau.
Maiatzeko lau eguenetan jokatuko dute Udabarria Bertsotan Bizkaiko Bertsolari Txapelketarako sailkapen fasea, eta bertan ariko dira Lea-Artibaiko lau bertsolari: Aissa Intxausti Aburruza (Lekeitio), Bikain Urkiri Etxebarria (Ondarroa), Garazi Navarro Ugarteburu (Amoroto) eta Lurdes Ondaro Mallea (Munitibar).
48 bertsolarik eman dute izena, eta bi multzotan banatuta ariko dira: A multzoa eta B multzoa. “Aipagarria da Bizkaiko eskualde guztietako partaideak egongo direla. Kopurua kontuan hartuta, zortzi saio egingo dira, sei bertsolarikoak”. Hain zuzen ere, multzo bakoitzeko lau saio jokatuko dituzte, eta puntuazioz sailkatuko dira udazkenean lehiatuko duten Bizkaiko Bertsolari Txapelketara. Multzoko bakoitzetik gutxienez 13 bertsolarik egingo dute aurrera; Bizkaiko Bertsolari Txapelketako izen ematearen arabera ezarriko dute kopurua.
Maiatzaren 4an, 11n, 18an eta 25ean izango dira saioak, 18:30ean hasita; eguen bakoitzean bi saio egingo dituzte. Maiatzaren 18ko bat Aulestin lehiatuko dute, eta bertan ariko dira Navarro, Ondaro, Asier Galarza Garai, Bittor Salterain Etxebarria, Ion Barrocal Besga eta Julen Ibarguengoitia Ordorika.
Sarrerak apirilean jarriko dira salgai Interneten. Bazkideek 2 euro ordaindu beharko dituzte, eta bazkide ez direnek 3 euro; 8 urtetik beherakoentzat, ostera, sarrera doakoa izango da. Saioaren egunean sarrerarik geratzen bada, txarteldegiak 18:00etan zabalduko dituztela aurreratu dute.
Bizkaiko Bertsolari Txapelketa urrian hasiko da, eta sei kanporaketa, hiru finalaurreko eta finala edukiko ditu. Kanporaketetara 2018ko finalistak eta 2021ean finalaurrekoetan kantatu zuten bertsolariak sartuko dira. “36 bertsolarik parte hartuko dute fase horretan; 2018ko zenbat finalistak eta 2021eko zenbat final aurrekoetako bertsolarik izena ematen duten arabera”. Finalaurrekoetan 2021ean finalista izandakoak sartuko dira, eta finala abenduaren 16an izango da, Bilbao Arenan.