Gnat Zinema erakustaldia Mutrikura ere helduko da
Gertuko naturaren berri emateko helburua duen egitasmoak estreinakoz egingo du geldialdia Mutrikun. Barikuan [martxoak 24] izango da proiekzioa, 19:00etan, Zabielen.

Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen Sailak antolatutako GNAT Zinema Gipuzkoako Natura eta Ingurumen Zinemaren III. Erakustaldia eguenean [martxoak 23] hasiko da Donostian. Orain arte ekimenaren baitako proiekzioak eskaini izan dituzten herriez gain, aurten Mutriku ere erakustaldiaren egoitza izatera pasatu da. Hala, bihar We the power dokumentala proiektatuko dute, 19:00etan, Zabiel kultur etxean. Emanaldia doan izango da, eta ez da aurretiaz erreserbarik egin behar.
Mutrikun proiektatuko duten dokumentala energia sistema tradizionala aldatu eta energia garbia ekoizteko ahalmena bizilagunei itzultzen dieten ameslari batzuei buruzkoa da. «Filmak Alemaniako Oihan Beltzean, Gironako (Herrialde Katalanak) antzinako kaleetan eta Londreseko (Erresuma Batua) teilatuetan tokiko kooperatiben ekimena kontatzen du. Beraz, energia berriztagarrien iraultzarako bidea irekitzen duten eta finantza arloan osasungarriagoak eta egonkorragoak diren komunitateak eraikitzen dituzten taldeen bizipenak ezagutzeko aukera ematen du».
Proiekzioak
- Martxoak 23 (eguena). Irekiera ekitaldia eta Con la fuerza del viento dokumentalaren proiekzioa, 19:00etan, Donostiako Principal Antzokian.
- Martxoak 24 (barikua).
- Mutriku: We the power, 19:00etan, Zabielen.
- Eibar: El leopardo de las nieves, 19:00etan, Coliseo antzokian.
- Martxoak 28, martitzena.
- Ordizia: Fire of love, 19:00etan, Herri Antzokian.
- Azpeitia: Aware, 19:00etan, Soreasu antzokian.
- Donostia: Salvar Tenerife, 19:00etan, Aquariumean.
- Martxoak 29.
- Zumarraga: Con la fuerza del viento, 19:00etan, Zelai Ariztin.
- Oñati: Forest for the trees: The tree planters, 19:00etan, zinema aretoan.
- Errenteria: Cuerdas eta Joy, 19:00etan, Niessen zinema aretoetan.
- Martxoak 30. Ganado o desierto, 19:00etan, Tolosako Topicen.
Sarrerak: Emanaldiak doan dira, baina zenbait herritako proiekzioetan parte hartzeko erreserbak egin behar dira, Internetez.