Amoroton "laster" jakingo dute nor izango den udal hauteskundeetarako zerrendaburua
Egungo udal gobernuak eta maiatzeko udal hauteskundeetan herri kandidatura osatuko duten kideek bilera egin dute, udal kudeaketaren "txandapasa" zelan egin erabakitzeko.
Amoroto udal hauteskundeetarako prozesuan bete-betean sartuta dago. Osatu dute hauteskundeetan aurkeztuko den zazpi herritarrez osatutako herri kandidaturako lantaldea, baita hiru ordezko ere. Dena dela, alkatetzara aurkeztuko den zerrendaburua “laster” jakingo dela esan dute.
1979ko estreinako hauteskundeez geroztik, hauteskundeak herriko zerrenda ireki bitartez egin izan dituzte, eta aurten ere horrelaxe egingo dute. Dena dela, aurten aldaketak egin dituzte hautatze prozesuan: orain arte, hauteskunde ibilbidearen lehen itzulia auzoka egin izan dute, hau da, lehenik auzo bakoitzean bozketa eginez; handik ateratako izenen artean bozkatuenak bigarren hautaketa batez aukeratu izan dituzte, herriko kandidatura osatuz.
Udaletik azaldu dute auzokako sistemaren eraginkortasuna ez dela “egungo errealitatera” hoberen egokitzen
Aurten, baina, hautatze prozesuan ezarri daitezkeen hobekuntzak aztertzeko, herri bilera bi egin dituzte. Eta bilera horietan genero berdintasunaren alde egitea eta auzokako sistemaren eraginkortasuna “egungo errealitatera” ez dela hoberen ondorioztatu dute.
Hori horrela, herri mailan egindako lehen bozketan, adinez nagusi diren amorotar denek herritar denen artean bozkatzeko aukera eduki zuten, udal gobernu taldean zortzi urtez edo gehiagoz egondakoak salbu. Lehen bozka saio horretatik, 21 herritar atera ziren. Bozketa horretarako, gainera, udaletik gomendatu zuten gutxienez zerrendaren erdia emakumezkoz osatuta egotea komeni dela. Halaxe izan da azkenean: zazpi herritarreko taldetik lau emakumezkoak dira. Kandidaturaren barruan, ondorengo zazpi partaideak daude: Ainhoa Ansorregi Txurruka, Aitor Lapresa Ibarra, Iratxe Arriola Ibarra, Inma Urrutibeaskoa Arriaga, Asier Arrizabalaga Aranguena, Gotzone Goitiandia Laka eta Aitor Arostegi Orbegozo. Ordezkoak honakoak dira: Jon Arriaga Laka, Mikel Arrizubieta Gabiola eta Gurutz Arriaga Goitiandia.
Kandidaturako kideen artean erabakiko dute zerrendaburua nor izango den
Zazpi herri ordezkarietatik zerrendaburu nor izango den erabakitzeko, Amoroton ez dute bakoitzaren boto kopurua aintzat hartuko; zerrendakide denen artean adostuko dute alkate kargua nork hartuko duen. Horretarako, azaldu dute partaide bakoitzaren familia eta lan egoerak edota motibazio maila aintzat hartuko dituztela, besteren artean.
Lantalde erreleboa. Udaletik azaldu dutenez, hauteskundeetarako kandidaturako kideek eta egun udalean dagoen lantaldeak elkarregaz egingo dituen bileretako lehenengoa egin zuen martitzenean [martxoak 21], talde aldaketa zelan egin zehazteko. “Bileraren jomuga koordinazioa izan zen; egun udalean dagoen taldeak mahai gainean dauden proiektuak azaldu zizkion hurrengo taldeari, eta txandapasa zelan egin argitu genuen”, adierazi dute.