Tiro taldea: "Bizi garen eta maneiatzen gaituen sistemari abesten diogu"
Ondarroako Tiro taldeak bere lehenengo lana kaleratu berri du: 'Gure irtenbidea'. Zapatuan [martxoak 25] Ondarroako Portuko Ranpan ariko dira, Jonny Gerriwelt taldeagaz batera.
Ondarroako Tiro taldea pandemia ostean hasi zen ibilbidearen lehenengo pausoak ematen; Julen Ortega ahotsa eta gitarra, Unai Ortega baxua, Jon Larrañaga gitarra eta Ekaitz Zubimendi baterian. Oilotokiko lokalean batzen hasi eta lagun artean, musika zale amorratuak izanda, modu naturalean etorri zen proiektuaren sorrera.
Oi! musika da laukoteak osatzen duen taldearen esentzia, eta Gure irtenbidea kaleratu berri duten bost abestiz osatutako LParen gakoa. Tough Ain’t Enough Records eskutik dator binilo formatuan atera duten lehenengo lana: “Oso gustura gaude emaitzarekin. Hasiera batean abestiak grabatzen hasi ginen lokalean, baina ez genekien zein ibilbide izango zuten. Zortea izan dugu alde horretatik, TAE Recordsek emandako aukeragatik. Formatua gustuko dugu, eta diseinu aldetik ere oso egokia da”.
“Gure erreferenteak punk-oi! eta kaleko musikan egon diren taldeak dira, eta baita ere, underground eszena aurrera eraman duen jendea”.
Ez Dugu Utziko, Gerlari, She’s A Rocker, Anaitasuna eta Gure irtenbidea abestiek osatzen dute lana, eta bakoitzak musikalki influentzia ezberdinak dituela aitortu dute: “Abesti batzuk rock-and-rolleroak dira, beste batzuk mantsoagoak. Gitarra aldetik ere batzuk punk-rock edo toke rockeroagoak, beste batzuk, berriz, punteoetan heavy metal ukituak dituzte”. Abestien letrak taldearen egunerokotasunaren parte diren gaiez hitz egiten dute eta kritika sozialetan oinarritzen dira: “Bizi garen eta maneiatzen gaituen sistemari abesten diogu, baita gu parte garen kaskamotz kontrakulturari ere”. Bost abestien artean Ondarroako Anaitasuna tabernari egindako omenaldia dago. “Anaitasuna abestiak gure tokea ematen dio diskoari, denbora igarotzen dugun tabernari eskaini diogu”.
Zapatuan [martxoak 25] Jonny Gerriwelt taldeagaz batera joko dute, Portuko Ranpan.
Taldekide bakoitzak iturri ezberdinetatik edaten duen arren, erreferente amankomunak dituzte, eta punk-oi! musikan egon diren taldeak eta underground eszena aurrera eramaten dutenak jarri dituzte erdigunean: “Gure erreferenteak punk-oi! eta kaleko musikan egon diren taldeak dira, eta baita ere, underground eszena aurrera eraman duen jendea; diskoak ateratzen dituzten etxeak, kontzertuak antolatzen dituztenak, horiek dira benetako erreferente. Gu hemen bagaude, horren parte garen heinean, beraiengatik da”.
Gaur gaurkoz zazpi kontzertu eman dituzte, eta hain zuzen ere, Ondarroako Sokoa tabernan hasi zen Tiro taldearen ibilbidea. Zapatuan [martxoak 25], berriz bueltatuko dira Ondarroara, Portuko Ranpara. Kontzertuetan hamar abesti jotzen dituzte, zortzi abesti propio eta bi bertsio, nahiz eta azken hauek aldatzen joaten dira: Blitz, Eskorbuto edo Doubling Boysen abestiak. “Bertsioekin giroa berotzea errazagoa da, orain jada gure diskoarekin jendearengana hurbilduko gara”.
Ranpan joko duten kontzertua “oso berezia” dela aitortu dute, Jonny Gerriwelt taldearekin batera joko dute, eta haien azken kontzertua izango da. “Jonny Gerriwelt guretzat erreferentea da, herrikoak eta lagunak izanda, plazer handi bat da beraiekin batera jotzeko aukera izatea. Modu ezin hobea da taldearen zikloari amaiera emateko”.