Euskal JaXE ospatuta, Ondarroa prest dago IbilaldiXE hartzeko
Ondarroako, Lekeitioko, Markina-Xemeingo eta Mutrikuko dantzariak eta txistulariak herri osoa kolorez, musikaz eta alaitasunez jantzi dute. Euskal Jaiak urteetan Ondarroan bizi ez den giroa piztu du. Protagonistak dantzariak izan dira, ume zein nagusi.
Zubi Zahar herri ikastolak antolatutako jaiak Ondarroako bazter guztiak busti ditu. Taldeka eta herriko txoko ezberdinetan banatuta, musika eta dantzak goizean goiz hasi dira. Talde bakoitzak bere emanalditxoa eskaini du herriko leku ezberdinetan, eta azkenean denak batu dira Zaldupen. Hamaiketakoa egin eta indarrak berreskuratu ostean, denak batera herri osoa zeharkatu duen kalejirarako kokatu dira. Jaiak herriko eta inguruko herrietako 300 dantzari, txistulari eta danbor jole baino gehiago batu ditu, baina ikusleak askoz ere gehiago izan dira.
Ondarrutarrez gain, inguruko herrietako bizilagunak ere jaian murgildu dira. Euskal JaXE leloa zeraman kamiseta soinean, eta eguraldia lagun, parte hartzaile guztiek ilusioz egin dute dantzan. Kalejira herriko frontoian amaitu da, eta han ordubete inguruko dantza emanaldia eskaini dute denek. Frontoiko harmailak eta Musika Plaza herritarrez bete-bete eginda, Euskal Jaiak zerbait sortu badu hori jai giroa izan da. Behin eta berriz gogorarazi dute maiatzaren 21ean IbilaldiXE ospatuko dela Ondarroan: “Euskal JaXE ospatu eta gero, Ondarroa prest dago maiatzaren 21ean IbilaliXE hartzeko!”.
Frontoiko emanaldia amaituta, dantzari guztiek batera bazkaltzeko aukera eduki dute. Eta hortik aurrera ere jaiak ez du etenik eduki.






















































































































