Anexoaren inguruko zalantzak argitu ditu Ondarroako Udalak
Udalak aurkeztutako proiektuak ezezkoa jaso zuen gunearen gaineko eskumenak dituzten eragileen aldetik.
Anexoaren eremuari buruz herritarren artean agertu den kezkari erantzuna eman nahi izan dio Ondarroako Udalak, eta zehaztu dutenez, gaiaren gakoetako bat da gunearen gaineko eskumenak ez direla soilik udalarenak: “Herritar askoren galdera da anexoko zorua ea zergatik ez den asfaltatzen, nahiz eta asko eta askoren nahia izan, baita udalarena ere”. Zehaztu dutenez, gune horretan beste erakunde batzuk ere eskumenak dituzte, zehazki, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak.
Ondarroako udalak proiektu bat aurkeztu zuen aparkalekua atondu, zorua asfaltatu, ibilgailuen aparkalekuak markatu eta gune horretan beste zerbitzu batzuk eskaini ahal izateko. Proiektuak gainerako eragileen ezezkoa jaso zuen: “Anexoko eremua asfaltatu nahi izanez gero errekastoa dagoen hoditik atera eta bistara ekartzea exijitzen zaio udalari”. Udalaren proiektua ez zetorren bat horrekin, hori dela eta, gaur gaurkoz anexoak asfaltatu barik jarraitzen du eta udalak beste proiektu berri bat kontratatzea eragin du.
Eskatutako aldaketak egitean, hain zuzen ere, erreka bistaratzean, “eremua ezin izango da udalak nahi zuen bezala banatu”. Horrez gain, beste faktore bat dago; gune hori babestutako eremua da. “Anexoko barruko partea, hau da, errekastoaren ingurua eta mendi magala, bisoi europarraren ugalketarako babestutako eremuak dira”. Hortaz, obrak egiterakoan aipatutako faktore guztiak kontuan hartu beharko dira; zer egin erabakitzean, eta baita noiz egin ere bai.
Udalak adierazi duenez proiektu berri bat kontratuko dute anexoko gunea berregiteko, Jaurlaritzarekin eta Bizkaiko Foru Aldundiarekin egindako bileretan argi geratu baita asfaltatzeko modu bakarra proiektu berri bat egitea dela, baina horrek aldaketak ekarriko ditu: “Hasierako aurreikuspenak asko handituko dira proiektuaren beraren kostua zein exekuzio lanena”. Jaurlaritzak, zehazki, Ura agentziaren bitartez kudeatzen ditu eskumenak.
Udalaren proiektua. Udalak aurkeztutako proiektuak anexoan aparkalekua egitea zuen erdigunean, hain zuzen ere, autoak bertan utzi eta herrigunera sartu beharrik ez izateko. “Gainera, kirol gunearentzako eta eskolarentzako ere aparkalekutzat balioko luke”. Ibilgailuentzako aparkalekuarekin batera, beste zerbitzu batzuk ere eskainik nahi zituen udalak, hain zuzen ere, karabana eta autokarabanentzako hornidura: “Oinezkoentzako herria nahi dugu, eta horretarako oso garrantzitsua da aparkalekuak herrigunetatik kanpo egitea eta gero aparkaleku horretatik herrigunerako bide egokiak ipintzea, oinezko eta bizikletentzako, bide seguruak eta ondo argiztatutakoak”. Udalak argi dauka anexoko gunea behar modura ipintzea erronketako bat dela herriarentzat, eta horretarako lanean jarraituko dutela.