Sarai Larrinaga, hirugarren Espainiako Txapelketan
Denboraldiko marka pertsonala hobetu du, 39,70 metroko disko jaurtiketagaz.
Neguko jaurtiketa luzeen Espainiako txapelketa lehiatu da asteburuan Castellonen, eta Durango Kirol Taldeko Sarai Larrinaga Lejardi etxebarritarrak hirugarren postua eskuratu du hogei urte azpikoen disko jaurtiketa kategorian; 39,70 metroko jaurtiketagaz. Etxebarritarrak denboraldiko bere marka pertsonala hobetzea lortu du eta gustura agertu da egindako lanagaz: “Ondo sentitu nintzen txapelketa, orokorrean, nahiko gustura. Hasieran suabe hasi nintzen, neu egonkortzeko asmoz, eta ondoren indarra sartzen joan nintzen”.
Otsailean Bizkaiko neguko jaurtiketa luzeen txapelketan podiumaren gorenera igotzea lortu zuen 38,27ko disko jaurtiketa eginda. Martxoan, berriz, Euskadiko Txapelketan berriz ere podiumaren gorenera igotzea lortu zuen 37,47ko disko jaurtiketagaz. Hortaz, medailak pilatzen ari da etxebarritarra, baina ez da ordea bere denboraldi onena: ” Ez da denboraldi oso ona niretzat, markei dagokionez, nire markatik urrun nagoelako. Hori dela eta, asko motibatu nau Espainiakoan denboraldiko marka hobetzea eta gustura sentitzea”.
Helburuak finkatuta. Larrinagak argi du zein den bere erronka 43 metro horietatik ez aldentzea: “Entrenatzailearekin hitz egin dut eta nire helburua 40 metrotan egonkortzea da. Azken aldian 38 eta 39 metrotan ibili naiz, baina nire marka pertsonala 43 metrokoa izanda, datu horietatik ez aldentzea da erronka”. Uztailaren amaieran izango du hurrengo hitzordua Espainiako txapelketan, baina orain ligarekin hasiko dira, eta mailari eustea garrantzitsua izango da.