Markina-Xemeingo EH Bilduk dio azken lau urteetan EAJren udal kudeaketa “indibidualista” izan dela
“Gaien eta proiektuen mamiaren gainetik gelditu da argazkian agertzearen premia. Muturrera eramandako kontrol beharra ere sumatu dugu lan egiteko moduan", esan dute.
Markina-Xemeingo EH Bilduk maiatzaren 28ko hauteskundeak baino lehen, agintaldiko balorazioa egin du ‘Lau urteotako sentipen eta bizipenak’ oharrean. Bertan azaldu dute “penaz” bizi izan dutela herriko udala “talderik gabeko buru bakar baten eskuetan” ikusi izana. EAJrengan jarri dute fokua: “zinegotziak ahots propio barik eta askotan guztiz desinformatuta egon dira, noraezean eta euren ardurako gaietan ekarpen gutxi eginez”.
Adierazi dute udalaren norabidean dagoen “begirada faltak bat-batekotasuna eta antolaketa eza” ekarri dituela: “oraintxe honantz eta hurrengoan beste alderantz, arrazoi jakin eta landurik gabe. Aldiro norbanakoaren interesek gidatutako gobernantza agerian utzita, gainera”. Horrez gain, esan dute herriaren “beharrizan errealen” azterketa falta egon dela, “lehenengo indarrean dauden dirulaguntza publikoak eskatu, eta, ostean, diru hori zertan erabili daitekeen erabaki da”.
Hain zuzen ere, EH Bildutik azpimarratu dute “ez datozela bat” diruarekin jarduteko modu horrekin, eta “sarri” adierazi dutela plenoetan. Kudeaketa ekonomikoari dagokionez, errepikatu dute, batez ere azken urtean, “argi” geratu dela “hauteskundeei begira” ari dela udal gobernua dirua “nori eta nola bideratu” erabakitzen. Gaineratu dute “harritu” egin dituela “protagonismo gosea eta kanpo itxura ardatz” izan dituen kudeaketa ereduagaz topo egitea: “Gaien eta proiektuen mamiaren gainetik gelditu da argazkian agertzearen premia. Muturrera eramandako kontrol beharra ere sumatu dugu lan egiteko moduan. Zoritxarrez, momentu konkretuetan zentsura zantzuak bistaratu dituen jokabideak ere antzeman ditugu”.
Adibidez, esan dutenaren arabera, parte hartze edo elkarlan hitzak “zein erraz eta zein txarto” erabili diren azpimarratu dute. Azaldu dutenez, gai asko “jada erabakita” joaten zirela plenoetara edo bestela, “kaletik” enteratzen zirela: “kontraste eta elkarlanerako aukera gutxi eskaini da azken lau urteotan”. Herritarrei bideratutako parte-hartzeari dagokionez, diote ez dutela ulertu “zergatik aldatu diren ohiko plenoak iluntzetik goizeko lehenengo ordura”, edo hasiera batean Internetez bilera jarraitzeko bidea jarri ostean, “arrazoirik gabe” aukera hori moztea.
Laburbilduz, argi utzi nahi izan dute dal gobernanatzarako estiloa ez datorrela bat: “inola ere ez gure egiteko moduekin, guretzat taldea baita motorra. Ardurak geure artean banatuz, bakoitzak berean boluntario eran ekarpenak eginez, behar denean jende gehiagoren laguntza lortzeko gai den talde anitza da gure eredua”. Horregatik “arduratuta” daude: “Arduraz izi dugu lanerako prest ez dagoen pertsona bakarraren gidaritzan jarraitu dezakeen Markina-Xemein bat izatea hurrengo lau urteetan ere”.