Antzerkiaren osasunaren bermea
Aulestik, hemezortzigarren aldiz, Artedrama Euskal Laborategiaren topaketak hartuko ditu, hilaren 10etik 15era bitartean. Sei antzezlan emanaldi eta antzerki ikastaroak egingo dituzte.

Artedramaren antolatzaile eta sustatzaileak, aurtengo ekitaldia aurkeztuz. Argazkia: Bizkaia Kultura.
Aulesti euskarazko antzerkigintzaren erdigune bihurtuko da, beste urte batez. Apirilaren 10etik 15era artean, Artedrama Euskal Laborategiak (ADEL) antolatutako antzerki topaketak egingo dituzte. Aulestiko Udalagaz eta aulestiarrekin elkarlanean, astebeteko egitarau oparoa edukiko du ADELek, euskarazko antzerkigintzaren jarraitzaileen gozamenerako.
Ander Lipus aktore, ekoizle eta zuzendari markina-xemeindarra duela 18 urtetik, topaketen estreinako ekitalditik, ari da antolakuntza lanetan, eta aurtengoa “ekitaldi oso berezia” izango dela aurreratu du: “Pandemiaren mugatzeak ahaztuta, ohiko itxuragaz eta betiko datetan egingo ditugu topaketak”. Mimoz eta auzolanez atondu dute egitaraua, barrura zein kanpora begira; izan ere, ardatz nagusi bi edukiko ditu, beste urte batez, ADELek. Batetik, sei antzezlan emango dituzte; bestetik, antzerkizaleei zuzendutako teatro formakuntzarako tailerrak egingo dituzte.
ADELeko lantaldearen “anbizio bakarra” proiektua mantentzea eta egonkortzea izan da, “zabalkunde amets handietan galdu barik”. “Hasierako proiektua zertxobait handitu dugu urteen joanagaz, baina gure jomuga hasierako xarmari eustea da; Aulesti moduko udalerri txiki batentzat oso adierazgarria eta polita da jardunaldiok bertan egin ahal izatea. Herritik eta herrira begira egiten dugun zer edo zer da, eta herritarrek kulturarekiko duten atxikidura handia dela bistaratzen du; Aulesti eta, oro har, Lea-Artibai euskarazko antzerkigintzarentzat arnasgunea da”, azaldu du Lipusek.
Astelehenetik eguenera arteko antzezlanak doakoak izango dira; barikukoak eta zapatukoak, ostera, 5 euroko preziodun sarrera edukiko dute
Astelehenetik zapatura artean, 21:30ean, emankizun bana egongo da frontoian. Lehen laurak doakoak izango dira, eta azkenengo biek, aldiz, 5 euroko prezioa edukiko dute; horiek ikusteko sarrerak Illunzar tabernan daude salgai. Atx teatro konpainiako Iñaki Ziarrustaren Balbea antzezlanak abiatuko du egitaraua. Martitzenean, Kulunka taldearen André eta Dorine-en txanda izango da. Mundu osoan zehar aurkeztu dute lan hori, eta, Lipusen arabera, “aspaldidanik” zeukaten Aulestin taularatzeko gogoa. Eguaztenean, Itziar Maneroren Memoria emango dute, “teatro performatiboan” oinarritutako antzezlana. Markina-xemeindarrak azaldu du Manero zuzendari oso gaztea dela eta, zentzu horretan, “benetan esanguratsua” dela ADEL sortzaile gazteei zuzendutako “plaza” ere izatea. Eguenean, Oier Zuñigaren Eresia antzezlana aurkeztuko dute.
Asteburuko egitaraua Metrokoadroka konpainiaren Zeozertan dabil baina ez dakit zertan obrak zabalduko du, barikuan, etxeko ekoizpena oholtzan aurkeztu orduko: Artedramak eta Axut! konpainiak elkarlanean egindako Hondamendia. Zaldibako zabortegiko gertakizuna du oinarri lan horrek, zendutako behargin bien istorioan oinarrituta; hondamendi hori ostean etorritako beste bategaz, pandemiagaz, erlazionatuko dute. “Karga sozial, kritiko eta sinboliko handiko obra da”, adierazi du bertan ariko den Lipusek. Udazkena artean azkenengoz igoko dira taula gainera Aulestin eta, horrenbestez, “saio oso berezia izatea” espero dute agertokian egongo diren zortzi aktoreek.
Aurretiaz prestaturik egon ez arren, markina-xemeindarrak azaldu du aste osoan zehar emango diren piezek badutela zelanbaiteko “konektagarritasun tematikorik”: “Obra denek, gehiago ala gutxiago baldin bada ere, memoriaren, zahartzaroaren edota heriotzaren langaiak ukitzen dituzte; hori ez dugu beren-beregi bilatu, eta kuriosoa da horrela suertatu izana”.
Astelehenetik zapatuara artean, zortzi orduz egingo dituzte antzerki tailerrak, Lea Espazioan
Markina-Xemeingoa “harrituta” dago antzerki tailerrek eduki duten harreragaz. Hain zuzen ere, 35 lagun inguruk agertu dute interesa, eta antolatzaileek “aukeraketa prozesua” egin behar izan dute. Hasierako zerrendatik, 16 hautatu dituzte, azken urteetan baino bi gehiago. Lipusek azaldu duenez, ikastaroetarako izen ematea “urtero-urtero hazten” doa, baina orain arte ez dute aurten bezainbesteko kopururik lortu. Ikasleen profilari dagokionez, “denetarikoak” daudela argitu du: “Ez da aukeraketa batere erraza izan. Emakumezkoak izan dira gehienak, eta genero errealitate hori errespetatzen saiatu gara; horrez gain, lurralde nahiz adin aniztasuna aintzat hartu dugu. Gainera, normala den legez, izena lehenengo emandakoei lekua gorde diegu tailerretarako”. Ikasleetako batzuk, gainera, antzerki ikasketak egiten ari direla azaldu du, eta Aulestiko esperientzia beraien ibilbidean “formakuntza gehigarria” dela.
Astelehenetik zapatura artean, egunero egingo dituzte ikastaroak, 09:00etatik 17:00ak arte. Lea Espazioa baliatuko dute, urtero legez, eskolak egiteko: “Toki oso polita da, eta tankera horretako ekimenetarako zeharo egokia; espazio horretan, ikasle eta irakasleen arteko konexio berezia sortzen da, eta pozarren gaude aurten ere ikastaroak bertan egiteko aukera edukitzearren”. Aurten parte hartuko duten irakasleak ondorengoak izango dira: Myriam Perez Cazabon, Iñaki Rekarte, Ane Sagues, Oier Zuñiga, Itziar Manero eta Lipus bera. Denetariko “lan moldeak, ikuspuntuak edota estetikak” jorratuko dituztela argitu du markina-xemeindarrak. Esaterako, Perez Cazabonek “gorputzaren adierazpenagaz lotutakoak» onduko ditu, antzerkia eta dantza uztartuz. Rekartek, ostera, maskara antzerkiaren ingurukoak landuko ditu.
Aulestiarren inplikazioaz. Lipusek “esker oneko berbak” baino ez ditu Aulestiko herritarrek kultur proposamenari urtez urte ematen dioten “erantzun paregabeagatik”. Aurtengo ekitaldia ez da gutxiagorako izango: “Lea Espazioa uzteaz gain, Ubilla aterpetxean egiten dugu lo aste osoan zehar, eta herriko tabernetatik ere ibiltzen gara; toki horietan guztietan eskuak zabalik artatzen gaituzte. Aulestiarrek ADEL bere egin dute, eta herriaren nortasunaren parte aktibo legez sentitzen dute. Aulestiko bizilagunen inplikazioa beti dago presente. Zerbait izatekotan, ADEL herri antzerkia da: bertakoa eta guztiena”.
Aurtengo ekitaldia amaituta lorturik ikusi gura lukeen helburua zein litzatekeen galdetuta, aktoreak argi eta garbi du: “Inongo osasun edota segurtasun muga berezi barik, denok antzerkiaz eta, batez ere, euskarazko antzerkiaz gozatzea. Horrez gain, ikasle, irakasle, ikusle, sortzaile eta herritarren arteko komunikazio positiboa eta emankorra bermatzea. ADEL euskarazko antzerkiak bizi duen osasun onaren isla izan dadila gura dugu”.
ANTZEZLANEN ESKAINTZA
Astelehena. Balbea. Atx teatroa.
Martitzena. André eta Dorine. Kulunka teatroa.
Eguaztena. Memoria. Itziar Manero
Eguena. Eresia. Oier Zuñiga.
Barikua. Zeozertan dabil baina ez dakit zertan. Metrokoadroka.
Zapatua. Hondamendia. Artedrama eta Axut!.