Mutrikuko basoak zaintzeko diru laguntza deialdia zabalik dago
Maiatzaren 2a izango da eskariak eta tramitazioa egiteko azkenengo eguna.
Mutrikuko basoetan egiten diren landaketak eta mantenu lanak diruz laguntzeko asmoz, urtero Gipuzkoako Foru Aldundiak basoak zaindu, hobetu eta ugaritzeko helburuarekin egiten duen diru laguntza deialdiaren osagarria izango den laguntzen deialdia zabaldu du Mutrikuko Udalak.
Eskatzaileek baldintza batzuk bete beharko dituzte, hala nola; Gipuzkoako Foru Aldundiaren diru laguntzaren deialdian onuradun izan direla justifikatu, deialdian zehaztutako dokumentazioa aurkeztu eta Mutrikuko Udalarekiko zorrik ez izatea. Eskaera bakarra onartuko da ustialeku bakoitzeko.
Mutrikun kokatutako baso eta baso azaleretarako emango dira laguntzak, hortaz, bi profilei bideratuta daude. Batetik, Gipuzkoako Foru Aldundiko 2022 deialdiko diru laguntzaren onuradunak izan direnak, eta bestetik, landaketarik egin gabeko lursailetan hazitako espezie autoktonoen mantenua egiten dutenak.
Diru laguntza eskaera udaletxean eta web orrialdean eskuragarri dagoen agiriaren bidez egingo da, eta maiatzaren 2a izango da eskariak eta tramitazioa egiteko azkenengo eguna. Eskaerarekin batera ondorengo agiriak aurkeztu beharko dira: Gipuzkoako Foru Aldundian aurkeztutako dokumentazioa eta Gipuzkoako Foru Aldundian diru laguntza onartu zaionaren ziurtagiria eta honen zenbatekoa. Bestalde, landaketarik egin gabeko lursailetan hazitako espezie autoktonoen mantenua egiten dutenek ondorengo dokumentazioa aurkeztu beharko dute: Ustiategiari buruzko datuak, aurrekontu sinatua, itxiturak egiteko material guztien fakturak eta lur zatien planoak.