Leartiker tokiko lekale-irinen ekoizpena bultzatzeko proiektuan ari da parte hartzen
Zentro teknologikoko profesionalek azaldu dute irin horrek soilik landare jatorriko lehengaiekin egindako elikagai sorta bat garatzeko balioko duela.
Bizkaian, Gipuzkoan eta Araban lekaleak ekoizteko erabilerak eta jomugak dibertsifikatzeko helburuagaz, euskal elikaduraren balio kateko hainbat eragilek Lekaleak egitasmoa jarri dute abian. Horri esker, lekale-irinen ekoizpena sustatu nahi da, euskal enpresek elikagaiak soilik landare jatorriko lehengaiekin (plant-based) garatu ditzaten.
Azaldu dute egitasmoari esker beste erabilera batzuetarako interes handiko nutrizio propietateak dituen bertoko lehen lekale-irina lortuko dela. “Irin horrek soilik landare jatorriko lehengaiekin egindako elikagai sorta bat garatzeko balioko du. Horrela, herritarrek animalia jatorrikoak ez diren proteina iturri berrien erabilera sustatzeko duten eskaerari erantzungo zaio”, diote Leartikerreko profesionalek.
Gainera, Bizkaiko, Gipuzkoako eta Arabako “nekazaritza ekoizpena dibertsifikatzea” eta “negozio eredu berria bultzatzea” lortuko dela diote. Horrez gain, landare jatorriko lehengaiekin egindako produktuek ingurumenean ere gutxiago eragingo dutela diote. “Lehengaia jasangarria izango da”.
Urte amaierara arte. Proiektuak hainbat fase edukiko dituela zehaztu dute: ekoizpen analisiaren azterketagaz landu beharreko barietate onenak hautatuko dira, eta soilik landare jatorriko lehengaiekin egindako elikagaien merkatuko joeren analisia ere egingo dute. “Gero lekale-irinak lortuko dira, eta, ondoren, azken produktuak diseinatu, garatu eta kontsumitzaileekin kontrastatuko dira”. Egitasmoa urte amaierara arte luzatuko dela diote.
Leartikerregaz batera, ondokoak dira Lekaleak egitasmoan parte hartzen ari diren beste enpresak: Basque Food Cluster, Delicass, Arabako Laboreen Elkarte Alternatiboa eta Neiker Nekazaritza Ikerketa eta Garapenerako Euskal Erakundea.