Ondarroako Udaleku Ibiltarien urteurren jaia ospatuko dute
Bazkariko txartelak Zurrumurrun eta Erakusketa Aretoan daude eskuragarri.
Ondarroako Udaleku Ibiltarien hamargarren urteurrena ospatuko dute zapatuan [apirilak 22]. Egun osoko egitaraua antolatu dute; gosaria, mendi ibilbidea, bazkaria, musika eta giro paregabea ziurtatuta egongo dira.
Ondarroako herritarren parte izan diren udaleku ibiltariek hamar urte bete dituzte: “2012an sortutako udalekuak dira, urtero urtero aurrera eraman ditugunak. Hortaz, aurten hamar urteren ondoren urteurrena egitea erabaki dugu”. Eskaintza oparoagaz datoz, goizean goizetik abiatuko baitira gosaria eta mendi ibilbidearekin. Eguerdian, ostera, mahai inguruan biltzeko aukera ere izango dute, eta bazkarira animatzen direnek txartelak eskuragarri dituzte Zurrumurrun eta Udal Erakusketa Aretoan. Eguaztena izango da txartelak eskuratzeko azkenengo eguna.
“Adin guztietako pertsonak gonbidatu nahi ditugu. Ondarroako gazte, ume eta herritarren parte izan diren udalekuak dira, eta eskertza bat egin nahi diegun urteurrena denon artean ospatuz”. Hortaz, parte hartzeko gonbidapena luzatu dute.
Erakusketa. Argazki erakusketa antolatu dute urteurrena irudi bidez bistaratzeko. Atzo ireki zituen ateak Ondarroako Udal Erakusketa Aretoan, eta barikura bitartean egongo da ikusgai, hain zuzen ere, 18:00etatik 20:00etara bitartean.
EGITARAUA
- 09:00. Gosaria.
- 10:00. Mendi buelta, Tontorramenditik Akillara. Akillan jolasak.
- Ondoren. Txorizo jana eta proiekzioa, Gaztetxean. *Aukera beganoa egongo da.
- 15.00. Bazkaria, Zaldupen.
- Ondoren. Bingo musikatua eta zozketaren irabazlea.
- Ostean. Karropoteoa.
- 22.00. Kontzertuak: Errietan, Abdela eta Mutil aspertua.