Txikia omenduko dute Harro hadi ekitaldian
Bihar [apirilak 19] erailketaren 50. urteurrenean, 19:00etan, Ondarroako Alamedan egingo dute ekitaldia.
Eustakio Mendizabal Benito Txikiaren erailketaren 50. urteurren ekitaldia egingo dute bihar [apirilak 19] 19:00etan, Ondarroako Alamendan. ‘Harro hadi, Kantauri itsasoa’ dinamikaren baitan antolatutako ekimena da. Txikia itsasondoarra jaiotzaz, Algortan bizi zen eta Ondarroarekin lotura handia zuen, hori dela eta, erailketaren urteurrenean Ondarroan omenaldia egitea erabaki dute. “Ekitaldi xumea izango da, manifestuaren irakurketa egingo dugu, Txikia gogora ekarriko dugu eta abestu egingo dugu. Garrantzitsua ikusi baitugu militante bezala egin zuen ekarpena erdigunera ekartzea”.
Duela hilabete inguru aurkeztu zuten dinamika eta manifestua Itsasondon. Euskal Herri osoko 50 eragilek sinatu zuten manifestua eta bertan adierazten den bezala helburua nazio susperraldi berri bati ekitea da, “euskara eta euskal kulturaren aldeko borroka gai berriekin josten asmatzea”. 60. hamarkadan, frankismo betean, herriari eman zioten bultzada gogorarazi, eta egungo egoera ikusita, beste bulkada baten beharra aldarrikatu. Hala nola, aurreko belaunaldiek egindako naziogintza lanari bultzada eman eta garai berrietara egokitutako naziogintza eredua bultzatu nahi dute.
Aurkezpen egunetik apirilera arte hainbat ekitaldi, solasaldi eta jarduera antolatu dituzte, eta zapatuan [apirilak 22] Algortan egingo dioten ekitaldiarekin emango zaio amaiera dinamikari.