Txiloren eta Soarteren idiak, Etxebarrian nagusi
Txilok irabazi du Etxebarriko 68. Pazkoetako Idi proben Sari Nagusia. Kinttopeko II. Sariketan, ostera, Soarte gailendu da.
Txilo da Etxebarriko Pazkoetako Idi Proba txapelketaren aurtengo garailea. Apirilaren 8an, 9an eta 10ean lehiatu zuten sariketa, eta parte hartzaile guztiek 1.500 kiloko harria mugitu behar izan zuten herriko probalekuan. 51 untzako emaitzagaz, Txilo nagusi agertu zen. Billabaso Elkartea eta Iñaki Lopategi sailkatu ziren ondoren; lehendabizikoak 48 untza egin zituen, eta bigarrenak, ostera, 45 untza eta 3/4. Iazko garaileak, Benguria bermeotarrak, ezin izan zuen duela urtebeteko lorpena berretsi, eta laugarren postuan sailkatu zen, 44 untza eginda.
Irabazleak sari bikoitza jaso zuen: batetik, 1.600 euroko dirusaria; bestetik, Ituarte pentsuaken txalma. Horrez gain, sailkapeneko 11 parte hartzaileetatik hamarrek 500 euroko saria jaso zuten, 25 untza baino gehiago egin baitzituzten. Benguriaren ondoren, honakoak sailkatu ziren, hurrenez hurren: Olatzar (44 untza eta 3,43 metro), Mendigoitxi (41 untza eta 1/2), Txokolate (41 untza), Igeldo (40 untza), Elorrieta (38 untza), Alegria (28 untza) eta Artola (22 untza eta 1/4).
Kinttopekoaren bigarren ekitaldia. Iaz estreinakoz Kinttopeko probak egin ostean, aurten proba horiek errepikatzea erabaki zuten antolatzaileek, eta arrakastatsuak izan ziren, ikusleek begi onez hartu baitzituzten. Apirilaren 15ean, 16an eta 17an lehiatu zituzten, eta azkenean Soarte gailendu zen, 46 untza eta 2/4 eginda. Jon Ander Zornotzak amaitu zuen ostean, 45 untzagaz; podiuma Iruña Erretegiak osatu zuen, 43 untza eta 1/2gaz. Soartek 1.300 euro eta Olaia jatetxearen txalma jaso zituen. Sariketara aukeztutako lehen zortzi parte hartzaileek 25 untza baino gehiago egin zituzten eta, beraz, 500 euro jaso zituzten.