Artibai Mendigoizale taldeak prest du Markina-Xemeingo 57. ibilaldi neurtua
Domekan [apirilak 23] ibilbide laburra zein luzea egiteko aukera egongo da. Izen-ematea egunean bertan da.
Artibai Mendigoizale Elkarteak Markina-Xemeingo Udalagaz batera antolatu du domekan [apirilak 23] 57. ibilaldi neurtua. Ohiko legez, bi ibilbide prestatu dituzte. Batetik, 27 kilometroko eta 1.300 metroko desnibel positiboko luzea Opela okindegi-kafetegitik aterako da 07:30ean . Izen-ematea bertan egingo da hasiera baino ordu erdi lehenago. Parte hartzaileek sei tontor igaro beharko dituzte: Akarregi, Legarmendi, Kalamendi, Milloiko erita, Itxoñomendi eta Errekaldebaso. San Antolinen egongo da hornidura gunea.
Bestalde, ibilbide laburrak 10 kiometro luze ditu eta 460 metroko desnibel positiboa. 09:30ean emango zaio hasiera autobus geltokitik eta izen-ematea 09:00etan bertan egingo dute. Ibilbideari dagokionez, Milioi, Itxoñomendi eta Errekaldebasoko muinoak gainditu beharko dituzte parte hartzaileek eta hornidura amaieran bakarrik izango dute.
Antolatzaileek gogoratu dute izen-ematean ez dela ezer ordaindu behar eta ibilbide guztia seinaleztatuta egongo dela. Horrez gain, ibilbide neurtuaren amaieran bertoko produktuen zozketa egingo dute.