Egitarau oparoarekin dator Txantxangorriren Irri Eguna
20. urteurrena ospatuko dute, haur eta begiraleei aitortza eginez.
Mutrikuko Txantxangorri Aisialdi Taldeak Irri Eguna eta urteurren jaia ospatuko ditu zapatuan [apirilak 22] eta egun osoko egitaraua dakarte, txantxangorriko begiraleei, haurrei eta herritarrei zuzendua.
Haurrentzat pentsatu eta diseinatutako ekintzen programaren bidez, aisialdi hezitzailea eskaintzea helburu duen aisialdi taldeak 20 urte bete zituen pandemia betean, hortaz, ezin izan zuten urteurrena herrikoekin batera ospatu: “20 urtez Txantxangorri herriko txiki eta gaztetxoen ametsak bete nahian ibili da. Hegaldi luze honetan hainbat barre, lagun, bizipen, abentura, dantzaldi eta txorakeri bizi izan ditugu. Tamalez, pandemia zela eta ezin izan zuen bere 20. urteurrena herrikoekin batera ospatu, beraz, aurten geurea dan Irri Eguna burutuko dugu”.
Zapatuko eguna, txantxangorrin ibilitako haur eta begiraleei eskertza bat egiteko baliabide egokia izan daitekeela ikusi dute: “Urte hauetan hainbat txantxangorri txiki ibili dira gogoz lanean eta era berean sortutakoaz gozatzen, beraz, egun honek horietako bakoitzari eskertza egitea ere edukiko du helburutzat, Txantxangorri Aisialdi Taldea bizirik mantendu dutelako”.
Goizetik abiatuko dituzte ekimenak, eta haurrei zuzendutako ekintzak egingo dituzte. Ondoren, herrian jai giroa, kolorea eta alaitasuna zabaltze aldera kalejira egingo dute, eta bazkari herrikoiarekin egingo dute geldialdia. Arratsaldean, berriz, ez dira ekintzak geldituko; sorpresak, ikuskizunak eta musika. “Udako hegaldiaren lehengo astinduak eman aurretik motorrak berotzen hasiko gara egun honen bitartez”.
Hortaz, hurbiltzeko gonbita luzatu dute, bakoitzak bere alea jarriz, herritarrentzako egun ederra izango delako: “Txantxangorri danok osatzen dugulako. Hego horrek astindu eta jarraitu zuen ametsak betetzen”.
EGITARAUA
Apirilak 21, barikua
- 17:00-19:00. Txantxangorriren argazkien eta dokumentalaren erakusketa, Zabiel kultur etxeko erakusketa gelan.
Apirilak 22, zapatua
- 11:00-12:30. Haur eta lehen hezkuntzako haurrentzako ekintza, Goiko Plazan.
- 12:15-13:15. Txantxangorriren denda, Goiko Plazan.
- 12:45. Txupina eta kalejira, Goiko Plazatik Beheko Plazara.
- 14:00. Txantxangorriko begirale izan direnei eta oraindik direnei zuzendutako bazkari herrikoia, Merkatu plazan.
- 17:00. Antxo eta Pantxa pailazoen ikuskizuna haur hezkuntzako haurrentzako, Zabiel plazan. (Euria egingo balu Zabiel kultur etxean).
- 17:00. Txantxan izarrak ekintza, Lehen hezkuntzako haurrentzako, Beheko Plazan.
- 17:00-19:00. Txantxangorriren denda, Beheko Plazan.
- 17:00-19:00. Txantxangorriren argazkien eta dokumentalaren erakusketa, Zabiel Kultur Etxeko erakusketa gelan.
- 19:00. Joxpa erromeria, Beheko Plazan.