Iragarpenak eta ikusle kopurua gainditu ditu aurtengo ADELek
Ikusle asko erakarri dituzte ADELek antolatutako aurtengo antzerki egitarauak. Tailerretan ikasle gazteak aritu dira. Ekimenaren irakurketa "bikaina" egin dute.
Hilaren 10etik 15era artean egin dituzte, Aulestin, Artedrama Euskal Laborategiak (ADEL) antolatutako antzerki topaketak, hemezortzigarren aldiz. Astebetez, zuzeneko emanaldiak eta antzerkigintza ikastaroak uztartu dituzte, herritarrekin eta tokiko eragileekin elkarlanean. Aurtengo ekitaldiak orain arteko “marka denak hautsi dituela” adierazi du antolatzaileetako batek, Ander Lipus antzerkigile markina-xemeindarrak.
Antzezlan guztiek publiko zabala eduki dute, egunero egon dira ikusleak pilotalekuan. Barikuko emanaldia, Metrokoadrokaren Zeozertan dabil baina ez dakit zertan, izan da jenderik gehien erakarri duena. Lipus “pozik” ageri da, jardunaldiek pandemia aurreko ikusle kopurua gainditu dutelako: “Gure jomugetako bat Lea-Artibai eta inguruko eskualdeetako jendea erakartzea zen; hori lortu dugu”.
Zentzu horretan, antzezlan denak pilotalekura aldatzea erabaki arrakastatsua” izan dela azaldu du Lipusek: “Udaletxe gaineko aretoan egingo baldin bagenitu, emanaldi askotan jendea sartu ezinik geratuko litzateke; beraz, esan daiteke urrats handi bat aurrera egin dugula harrera aldetik”. Gainera, gaztetxeko kideek babesa erakutsi diote ADELi. “Antzerkien ostean, zuzeneko musika ipini zuten bertan; gaztetxea frontoiaren aldamenean dagoenez, giro ederrean elkartu ginen, antzerkiak ikusi ondoren”, adierazi du.
Ander Lipus: “Ikasleek ikusi dute badirela euskarazko antzerkia egiteko bideak eta moduak”
Gazteak, lehen lerrora. Markina-xemeindarrak argitu du ADELen ikastaroetan parte hartu duten 16 ikasleengandik arreta gehien ditu diona euretako askoren gaztetasuna dela: “Euskal Herri osotik bertaratutako 18 eta 21 urte bitarteko gazteak izan dira ikasle gehienak. Irakasleek proposatutako denetariko materiez gain, uste dut ikusi dutela badirela euskarazko antzerkia egiteko bideak eta moduak; euskarazko sortzaileok elkarlanean eta saretzetik abiatuta jardun dezakegula ikasi dute”.
Bestalde, herritarrek ADELi emandako babesaz mintzo da Lipus. “Urtero-urtero, izugarria da aulestiarrek erakusten duten elkartasuna. Lea Espazioan bikain moldatu gara beste behin; gainera, Ubilla aterpetxean eta tabernan esku zabalik hartu gaituzte. Horrez gain, udalerriko tabernetan eta, oro har, kalean zelnabiteko antzerki giroa egon dela igarri dugu. Esker oneko berbak baino ez ditugu herritar guztientzat”, adierazi du.
“Inurri lana da ADEL antolatzea, eta urte osoan zehar tantaz tanta funtzionatzen aritzen gara”
Aurtengo ekitaldiaren “aje emozionala” atzean utzita, datorren urtekoa prestatzen hastea dagokie antolatzaileei. ADEL “urte osoko lan periferikoak” eskatzen dituen proiektua dela dio Lipusek: “Inurri lana da ADEL antolatzea, eta urte osoan zehar tantaz tanta funtzionatzen aritzen gara. Nolanahi ere, aurtengo emaitzak, sikiera, errepikatzea bilatuko dugu 2024an. ADELek bere xarma eta nortasuna mantentzen jarraitzea gura dugu, baina ahalik eta antzerkizale gehien Aulestin elkartzea da geure helburua”.